Varela: «Cabacasek ez zuen bertatik bertara jaso pilotakada; gutxienez, 22 metrora jaurti zuten»

Ertzaintzaren buruak Bilboko gertaerei buruz emandako bertsioak ez du bat egiten lekukoen testigantzekin

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko ikerketak aurrera egin du azken orduetan, baina oraindik ez daude behin betiko ondorioak». Hala esan du Jose Antonio Varela Ertzaintzaren buruak Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian.

Ertzainen eskutik eta hainbat lekukoren eskutik testigantzak jaso dituztela azaldu du Varelak. Ordea, ostegun gauean Bilbon gertatutakoari buruz hark egindako deskribapenak ez du bat egiten hainbat lekukok eman dutenarekin. Ertzainburuak azaldutakoaren arabera, «egokitutako» operatiboa jarri zuten martxan ostegun gauean,Athletic etaSchalke 04 taldearen arteko partidaren ostean. Ertzaintzak azaldu duenez, «zelai zabaleko gudua» zegoen, eta dei bat jaso zuten esateko «15 edo 20 bat kaputxadun» jendea kolpatzen ari zirela. Ertzainak hara joan zirenean, Kirruli tabernaren inguruan,«botilak, edalontziak eta latak» jaurtizizkietela, eta «eraso bortitz» horiei erantzuteko lehendabizi salbarekin eta gero gomazko pilotekin erantzun zutela esan du.

Istilu horietan bi lagun atxilotu zituztela azaldu du. Ertzain guztiak Bilboko polizia etxekoak ziren, eta guztira 24 ertzainek parte hartu zuten. Egoera «lasaitu» ostean Cabacas topatu zutela dio, lagun bat laguntzen ari zitzaiola.

Han zeuden hainbat lekukok ukatu egin dute Ertzaintza agertu aurretik istiluak zeudela, eta hori esan dio EAko Juanjo Agirrezabalak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. Horrek,ostera, eutsi egin dio bertsio ofizialari, eta«gezurretan» aritzea leporatu dio EAkoari. «Jende guztiak daki gutxienez bi pertsona kolpatu zituztela esateko deia jaso zuela Ertzaintzak eta hara joan aurretik istiluak egon zirela». Aresen ustez, kontrakoa esatea «gezurretan» aritzea da, eta hori sinesten duena «inozoa» da.

Pilotakada

Cabacasi gertatutakoari dagokionez, Valerak esan du gazteak ez zuela «bertatik bertara jaso pilotakada», eta «gutxienez 22 metrora» jaurti zutela. «Nire esperientziagatik, ziur naiz Cabacasi eman zion pilota ez ziotela burura jaurti». Haren esanetan,buruan jotzea «kasualitatea» izan da, gomazko piloten eskopetek ez dutelako punteria egiteko osagarririk. «Ezinezkoa da nahita jotzera jaurtitzea».

Gomazko pilotak jaurtitzeko Ertzaintzak darabilen protokoloaazaldu du, halaber, Varelak. Jaurtigailuaren ahoak hiru posizio dituela esan du: leunarekin, 25 metrotik gora jaurti daiteke, ertainarekin 35 metrotik gora, eta gogorrarekin, 60 metrotik gora. Ordea, ezin izan du zehaztu Bilboko istiluetan ertzainek zein posizio erabili zuten jaurtigailuetan.

Bidez batez, Ertzaintzak «punteria gehiago» duten materialak erosiko dituela iragarri du Ertzainburuak, eta hortik gutxira Herrizaingo sailak jakinarazi du 200 jaurtigailu berri erosiko dituela. Horiekin egungoak bainopilota «txikiagoak eta malguagoak» jaurtiko dituzte, eta horiek gomazko pilotek baino «kalte txikiagoa»eragingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.