Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Belfasteko Epaitegiari gaur jakinarazi dio "ezinbestekoa" dela Iñaki de Juana (Legazpi, Gipuzkoa; 53 urte) preso ohia Espainiaratzea, Auzitegi Nazionalak honen kontrako auziarekin segitu ahal izateko. Auzia "bukatzear" dagoela nabarmendu dio Velascok, eta De Juana entzun beharra daukala. Gainera, Velascok Belfasteko epaile Tom Burgess-i gogorarazi dio De Juanaren Espainiaratzea agintzeko ahalmena duela.
Astelehenean Belfasteko Auzitegian aurkeztu zen De Juana, Espainiak bera atxilotzeko eskatu ondoren, abuztuko gutun batean "terrorismoa goratu" zuelakoan. Auzitegira aurkeztu ondoren atxilotu egin zuten. Tom Burgess epaileak aske utzi zuen gero, bermepean -bost mila libra esterlina ordaindu zituen, 5.900 euro inguru-.
De Juanaren aurkako euro-agindua dela-eta, Belfasteko epaileak froga gehiago eskatu dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Izan ere, haren arabera, "terrorismoari gorazarre" delitua egiten duenak bi urteko kartzela zigorra jasotzen du Espainiako Estatuan, eta Erresuma Batuan norbait estraditatzeko gutxiengo espetxe zigorra hiru urtekoa dela.
Libre utzi zutenetik bere bila
Abuztuaren 2an utzi zuten aske Iñaki de Juana, 21 urtez preso egon ostean. Egun hartan bertan ongietorria egin zioten Donostian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta. Preso ohia ez zen joan bere ongietorrira, baina pertsona batek eskutitz bat irakurri zuen bere izenean.
Gutun hori De Juanak berak idatzia den jakin nahian ari da Auzitegi Nazionala, "terrorismoa goratu" zuen aztertzeko ikerketa abiatu nahi baitu. Beraz, De Juanari deklarazioa hartu nahian ari da Velasco epailea. Donostiako Lurralde Auzitegian deklaratzeko zitatu zuten aurrena, baina ez zuten topatu. De Juana aurkitzeko agindu zion gero Interpoli. Azkenik, Madrilera deitu zuen lehengo asteko astearterako, baina preso ohia ez zen azaldu. Orduan hura bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.
Politika
Velasco epaileak Belfasti azaldu dio auziarekin segitzeko "ezinbestekoa" dela De Juana Espainiaratzea
Espainiako Auzitegi Nazionalak azpimarratu du preso ohia entzun beharra duela. Belfasteko Auzitegiak bermepean aske utzi zuen astelehenean De Juana, eta euro-aginduaz froga gehiago eskatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu