Kale erasoak

Vicente Riparen etxearen kontrako erasoa egin dute bart Miranda-Argan

Bi kanpingas botila, lau suziri eta lau kiloko pintura lata bat erabili dituzte Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariaren etxearen aurka egiteko, goizeko ordubiak aldera. Ripak berak itzali du sua. Ez da kalte pertsonalik izan.

2007ko urriaren 17a
10:52
Entzun
Vicente Ripa Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariaren etxearen kontrako erasoa egin dute bart Miranda-Argan (Nafarroa), goizeko ordubiak baino zerbait lehenago. Garajean atearen ondoan jarri dute lehergailua, eta eztandak sua eragin du. Ripak berak itzali du, eta suhiltzaileak eta Guardia Zibila iritsi dira ondoren. Garajearen atea eta eraikina belztuta geratu dira. Ez da kalte pertsonalik izan.

Bi kanpingas botila, lau suziri eta lau kiloko pintura lata bat erabili dituzte erasotzaileek, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak jakinarazi dutenez.

2004tik dago Ripa ardura horretan, PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi zituenetik.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak gaitzetsi egin du erasoa, eta "egileek gizartea beldurtu nahi badute, alferrik dabiltza". Ripak berak "lehen bezala" segituko duela dio Ordezkaritzak, "bakean eta askatasunean bizikidetza lortzeko asmoz".

Carlos Chivite Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak "PSOE indarkeriarekin zorrotza" izango dela adierazi du, eta kale erasoak ez zaizkio iruditzen "intentsitate txikiko ekintzak, handikoak baizik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.