Arturo Villanueva Arteaga (Iruñea, 1976) Justiziaren zaintzapean libre utzi dute, Paueko Auzitegian (Frantzia) Espainiak eskatutako euroaginduaren epaiketa egin artean —hilaren 25era atzeratu zuten atzo—, Efek dioenez.
Villanuevak auzitegiari esan dio Urruñan biziko dela. Astean behin polizia etxera joan beharko du, sinatzera, eta baimenik gabe ezingo da Frantziako Pirinio Atlantikoetatik atera.
Pauek atzo erabaki zuen epaiketa atzeratzea, Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik ez diolako igorri Villanuevaren aurka duen salaketaren gainean iragan astean eskatu zion informazio gehigarria.
Bigarren aldiz atzeratu behar izan dute auzia, beraz, joan den astean epaitu behar baitzuten hasieran. Eta, orduan, defentsak eta prokuradoreak informazio gehigarri hori eskatu zuten, Madrilek igorritako euroaginduak ez baitu argitzen zehazki zer leporatzen dioten militante nafarrari.
Villanueva abuztuaren 27an atxilotu zuten, Urruñan, Segirekin lotuta. Bizitza publikoa zeraman Urruñan. Ordutik espetxeratuta eduki dute. Irlandatik etorri berria zen. Belfasten ere atxilotu zuten haren aurkako euroagindu bat zela medio, baina epaileek, azkenean, ez Espainiaratzea ebatzi zuten.