«Hizkuntza bizia da euskara, eta guztioi dagokigu hura kulturalki duintzea». Hori esan du Espainiako Kultura ministro Jose Ignacio Wertek, RAE Espainiako Hizkuntzarako Errege Akademiak euskarari eginiko omenean. Euskaltzaindiari eta RAEri elkarlanean aritzeko eskatu die, eta erantsi du lankidetza horrek uzta eman duela: «[Resurreccion Maria] Azkuek asko ikasi zuen On Ramonengandik [Menendez Pidal], baina hark ere baliatu zuen On Resurreccionen hizkuntza ezagutza zabala».
Euskarari Gorazarre jardunaldien barruan, RAEk omenaldia egin zion euskarari atzo, Madrilen. 2015ean hiru mende beteko ditu akademiak, eta atzokoa izan zen euskarari egin zion aurreneko omenaldia. Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Euskaltzaindiko, Etxepare institutuko eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ordezkariak izan ziren bertan. Ez, ordea, Nafarroakoak. Gonbidapen ofizialik ez zuela jaso esan du Iruñeko gobernuak; antolatzaileek erantzun dute gonbidatu zutela eta ezezkoa jaso zutela agenda arrazoiak argudiatuz.
Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogaren iritziz, euskarak «pertsuasio bideak» behar ditu etorkizuna bermatzeko, ez «inposatze» bideak: «Kultura boteretik inposatzen denean, beti bihurtzen da faltsua». Euskara babestearen alde da Quiroga, eta uste du horretarako hizkuntza politikatik urrundu behar dela.
Uste bertsukoa da Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. «Euskara ez da harresia, zubia baizik», esan du Etxepare institutuko zuzendari Aizpea Goenagak Urgellen izenean. Euskararen eta gaztelaniaren arteko bizikidetza defendatu du, eta horien arteko «tentsio etengabea» amaitzeko eskatu.
Wert: «Euskara kulturalki duintzea guztioi dagokigu»
Lehen aldiz hiru mendean, Espainiako Hizkuntzarako Errege Akademiak omenaldi bat egin dio euskarari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu