Espainiako Gobernuak ez du bihar onartuko hezkuntza erreformarako lege proiektua, hori iragarrita bazeukan ere. Gobernuko iturriek jakinarazi dute ministroen kontseiluko gai zerrendatik kanpo utzi dutela erreforma, memoria ekonomikoari buruzko txosten bat amaitzeko daukalako Jose Ignacio Wert ministroaren sailak. Deigarri da argudio hori, egun osoan zehar Hezkuntza Ministerioko iturriek BERRIAri esan baitiote guztia prest zegoela erreforma proiektua bihar onartzeko, eta gai zerrendan sartzea soilik falta zela. Datorren asteko bileran aztertuko ote duten ez dute argitu. Edonola ere, ministerioak berretsi du hizketan jarraitzen dutela oposizioko alderdiekin, ika-mika duten alorretan akordioren bat egiteko asmoz.
Lanuzteak eta protestak izan dira gaur Hego Euskal Herrian erreforma horren eta murrizketen aurka. Nafarroan, LABek, ELAk, CCOOk, EILASek, UGTk eta CSIFek deitu dute lana bi orduz uztera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik CCOOk eta UGTk deitu dute grebara, Espainiako deialdiari segituz. Jarraipena oso ezberdina izan da. Nafarroan, gobernuak jakinarazi du %20 bueltakoa izan dela lanuzteen jarraipena; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Jaurlaritzak %0,19ko jarraipen datua eman du.
Mobilizazioak izan dira arratsaldean. Iruñean, ehunka eta ehunka lagun bildu dira sindikatuen deiari erantzunez; 3.000 lagun izan dira, antolatzaileen arabera. Bilbon ere egin dute protesta CCOOk eta UGTk, baina, deialdiaren gisan, mugatuagoa izan da protesta ere. Sindikatu abertzaleen hutsunea salatu dute deitzaileek. Espainian eta Herrialde Katalanetan milaka eta milaka lagun irten dira protestan. Sindikatuek uste dute horregatik egin duela atzera gobernuak.