Eskoletan pilaketak eraginda aurreztu nahi du dirua Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak: ikasleak orain baino talde handiagoetan pilatzeko agindu die autonomia erkidegoei, eta maisu-maistren eskola orduak ere pilatzea nahi du, orain baino bi-hiru ordu gehiago eman ditzaten astean. Wertek berak aitortu du: dirua aurreztea da helburu bakarra. «Hau ez da hezkuntzako erreforma bat, baizik eta hezkuntza salbatzeko plan bat». Madrilgo gobernuak ostiralean onartuko ditu murrizketak, dekretu baten bitartez. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den Hegoaldean: ez dute argitu murrizketa guztiak ezarriko ote dituzten edo ez.
Bilera zuten atzo autonomia erkidegoetako Hezkuntza kontseilariek eta Wert ministroak. Han ziren Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria eta Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzakoa. Gai bakarra zuten: hezkuntzan nondik aurreztu 3.000 milioi euro. Prentsa ohar bat erabili zuen joan den astean Espainiako Gobernuak dirutza hori aurreztu beharra dagoela jakinarazteko. Murrizketa asmoen berri orduan jakin zuten Zelaak eta Iribasek; atzo, berriz, nondik kendu adierazi zien Wert ministroak. «Eztabaidara» joan zela esan zuen Zelaak bilerara sartzerakoan; irteterakoan, berriz, adierazi zuen batzar «informatiboa» izan zela. «Murrizketa neurriak aurkeztu dizkigute, defizita gutxitzeko neurriak».
«Lege oinarrizko bat aldatzera goaz; ez genuen zertan bilera egin ere», erantzun zion Wertek. Esaldi horrek bazeukan garrantzia: murrizketak lege oinarrizko batean oinarrituta egingo dituztela iragarri zuen ministroak. Horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bete egin beharko dituztela neurriak. Iruñeko gobernuak onartu du. Iribas: «Gustatu edo ez, bistan dago oinarrizko arau guztiak bete egin beharko ditugula». Zelaak ñabardura egin du: haren arabera, hiru neurri nahitaez betetzeko agindu du Wertek —ordezkapenak mugatzea, irakasleen eskola orduak gehitzea eta soldata osagarriak ez sortzea—, eta Jaurlaritzak ikusi nahi du horrek urratu egiten ote dituen hezkuntzako eskumenak.
Zelaak txartzat jo ditu ministroaren asmoak: «Euskal hezkuntza sistema azpitik berdinduko lukete». Hezkuntza «homogeneizatu» nahia egotzi dio Werti, eta nabarmendu du Espainiako hezkuntzaren egoera askoz kaskarragoa dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoarekin alderatuta. Iribasek ez ditu neurriak kritikatu: «Badakigu zein den egoera ekonomikoa, eta inori ez zaio gustatzen horrelako neurriak hartzea, nahiz eta aldi baterakoak izan». Lehen ere izan dira protesta handiak Nafarroako hezkuntzan, eta Iribasek elkarrizketa agindu du.
Kalitatea ez da txartuko, Werten arabera: «Kalitatea eta aukera berdintasuna kaltetu gabe, salbu jarriko dugu baliabide publikoekin mantendutako hezkuntza».
Murrizketak defizit publikoarekin erabat lotu ditu ministroak. Haren hitzetan, mahai gainean jarritako neurriak «malguak» izango dira, erkidegoaren zorraren araberakoak. Alegia, zenbateko defizit publikoa daukaten, neurri batzuk gehiago edo gutxiago ezarri ahal izango dituztela.
1. Talde handiagoak
Ikasleak gehiago pilatzea jarri du lehen neurri gisa Espainiako Gobernuak: gaur egungo gehienezko mugak %20 handituko dituzte. LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoa oinarri hartuta egin dituzte kalkuluak: LH Lehen Hezkuntzan 30 estudiante egon ahalko dira talde bakoitzean, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 36 ere bai. Hegoaldean bestelakoa da egoera, hala ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esate baterako, gehienez 30 ikasle egon ahal izango dira talde bakoitzean derrigorrezko irakats aldi osoan. Nolanahi ere, Zelaaren arabera, neurri hori «nahi bada» betetzekoa dela esan du Wertek.
Frantziako Gobernuak azken urteetan hartutako norabidea bere egin du neurri horrekin Espainiakoak: geletan gero eta ikasle gehiago pilatzen dituzte, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxeetan maiz salatu dutenez. Helburua: talde gutxiago izatea eskoletan, irakasle gutxiagorekin eskola emateko.
2. Eskola ordu gehiago
Nafarroako Gobernuaren jarrera ere egin du bere Madrilek: eskola ordu gehiago jarriko dizkie irakasleei. Ikasturte honetan egin dute Nafarroako institutuetan: hamazazpi ez, astean hemezortzi orduz ematen dute eskola. Hori ere gehitu nahi du Wertek: institutuetan hogei ordu jarri nahi dizkie, eta Lehen Hezkuntzan, 25.
Ehunka irakaslerengan izango du eragina neurri horrek. Pentsa: irailean Nafarroako institutuetan ordubete gehiago jarrita 235 kaleratu zituzten, sindikatuen arabera —gobernuak erdiak inguru onartu zituen—; oraingoa murrizketa handiagoa da: institutuetan ez ezik, LHko ikastetxeetan ere gehituko dituzte orduak; eta ez bat, hiru baizik; eta ez soilik Nafarroan, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Ehunka eta ehunka irakasle gera daitezke kalean, eta haien lana beren gain hartu beharko dute gainerakoek.
3. Ordezkapenak
Irakasle bat gaixotzen bada, ikasgai horretako maisu-maistrarik gabe geratuko dira ikasleak bi astean. Lehen hamar egunetan ordezkapenik ez egiteko agindu dute; ordezkorik ezean, eskolako beste irakasleek izango dute ardura. Orain, teorian, azkarrago egiten dituzte ordezkapenak—sindikatuek maiz salatu dituzte atzerapenak—. Lanak sortuko zaizkie eskoletan: klase ordu gehiago jarrita, zaintzan-eta irakasle gutxiago aritzen dira, eta hori arazoa da maisu-maistraren bat falta denean. Wertek onartu du okerrago daudela langileak eskoletan, eta okerrago egongo direla: «Ahalegina eskatu nahi diegu, eta aurrez eskertzen diegu».
4. Ordainsariak
Lansari osagarriak eta apartekoak ezingo dituzte gehiago sortu autonomia erkidegoetako gobernuek. Behin-behineko neurria dela esan du Wert ministroak.
5. Batxilergoa
Institutuak behartuta daude Batxilergoan modalitate bat baino gehiago eskaintzea. Derrigortasun hori kendu egingo die Madrilek, horrela dirua aurrezteko.
6. Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketan irailean abian jartzekoak ziren modulu berriak ez dituzte jarriko. 2013-14ko ikasturtera atzeratu dituzte, baina Wertek iragarri du ordurako aldatua izango dela Lanbide Heziketa.
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren murrizketak
Werten errezeta: ikasleak pilatzea eta irakasleei ordu gehiago ezartzea
Hezkuntzan 3.000 milioi gutxiago jartzeko plana aurkeztu du PPren gobernuak: taldeak handituko dituzte, irakasleak kanporatzekoJaurlaritza aztertzen ari da neurriak legezko diren; Iruñeko gobernuak onartu egin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu