Politika

Xabi Lasa izendatu dute Aralarreko Nafarroako koordinatzaile, botoen %87 eskuratuta

Gaur goizean Aralar alderdiko Nafarroako militanteek konferentzia politikoa izan dute Iruñeko Baluarte jauregian eta hurrengo urteetarako koordinatzailea hautatu dute. Xabi Lasa Berriozarko alkate eta Aralar-Nafarroa Baiko parlamentaria izango da lurraldeko koordinatzailea. Botoen %87 eskuratuta, Aritz Romeoren lekukoa hartuko du.

joxerra senar
2013ko irailaren 28a
18:53
Entzun

Txentxo Jimenez parlamentariak irailaren hasieran bere hautagaitza erretiratu ostean, koordinatzaile izateko hautagai bakarra zen Lasa. Gainera, militanteek zuzendaritzako kideak ere hautatu dituzte.

Horra babes handienetik txikienera: Aritz Romeo Iruñeko zinegotzia %84,8rekin; Pablo Azkona Lodosako alkatea %72,7rekin; Ana Barrena Iruñeko zinegotzia, %71,2rekin; Maite Iturre, Udalbiltzako lehendakari orde eta Baztango hautetsia %66,6rekin; Zutoia Toral Zizur Nagusiko hautetsia %57,6rekin; Floren Luki Barañaingo alkate ohia %56rekin; Asun Fernandez Garaialde parlamentaria %54,5rekin; Etor Larraia militantea %34,8rekin eta Pedro Huarte Zizur Nagusiko alkate ohia %33,3rekin. Mikel Egozkue ingeniaria ere zuzendaritzako kide da, baina jasotako babesaren daturik ez du eman Aralarrek.

Zuzendaritza hautatzearekin batera, aurreko buruzagitzak landutako ponentzia politikoa onartu da, botoen %79,62rekin. Hurrengo lau urteetarako ildo politikoari 19 zuzenketa egin dizkiote militanteek. Beste hamairu zuzenketa eztabaidatu baina ez dira onartu. Testuan, EH Bildu Nafarroako aldaketarako giltza dela proposatzen dute, baina era berean, koalizioak Nafarroaren berezitasunak kontuan hartu behar dituela ere nabarmentzen dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.