Araba Buru Batzarraren osaketa aukeratzeko bozketan Xabier Agirre presidentearen ildokoek lortu dute gaur gehiengoa, Iñaki Gerenabarrenaren aldekoek hauteskunde prozesuan parte hartzeari uko egin ostean. Hamalau kidetatik hamahiru Agirreren aldekoak izango dira; bestea, berriz, Gerenabarrenaren aldekoa.
ABBko kideak berriro hautatzeko bozketa egin dute gaur, EAJren Justizia Auzitegi Nazionalaren erabakiz. Auzitegiak hautaketa berriro egiteko agindu zuen, joan den larunbatean izandako bozketan "irregulartasunak" egon zirela argudiatuta.
Gaurko bileraren aurretik Gerenabarrenaren aldekoek jakinarazi dute ez zutela aukeraketa prozesuan parte hartuko, eta EAJren Gasteizko egoitzatik irten dira, auzitegiaren erabakiaren aurrean desadostasuna adierazteko.
Joan den larunbatean, Agirreren aldekoak gutxiengoan
Pasa den larunbateko hautaketan Agirreren ildokoak gutxiengoan geratu ziren zuzendaritzan: hamalautik bost kide. Beste bederatziak Gerenabarrenaren aldekoak ziren.
EAJko kide batzuek alderdiko Bermeen eta Kontrolerako Batzordean parte sartu zuten, eta EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak bozketa berriro egiteko agindu zuen.
Agirrek berak aitortu zuen ez zeukala nahiko lukeen taldea ABBn. "Ez dakit bozketan esku beltz bat izan zen edo akats arrunt bat. Bozketa ez zen izan esperotakoa", esan zuen ETB2n. Ondorioz, onartu zuen "tentsioa" egon zela batzarrean. Dena dela, zioen espero zuen Arabako EAJko bi ildoen arteko lehia bukatu egingo dela, "EAJk lidergoa berreskuratu eta Araba abertzalea eta demokratikoa eraikitzeko".
Joan den larunbatean, Agirre presidente hautatzeaz gainera, Monika Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Izaskun Moyua, Miren Nanclares, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia aukeratu zituzten ABBko kide gisa.