Politika

Xabier Arzalluz: "ETA eta Madrilgo Gobernua hizketan ari dira"

Espainiako Gobernu sozialista eta ETA hizketan ari direla ziurtatu du Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiak. ETAk jardun armatua lagatzeari buruz eta presoak kaleratzearen inguruan mintzatu direla zehaztu du Arzalluzek. Era berean, ETAk jardun armatua uzteko ezartzen duen baldintza Ibarretxek proposatzen duen gauza bera dela nabarmendu du jeltzaleen buruzagi ohiak: autodeterminazio eskubidea. ldo horretatik, une honetan autodeterminazioa dagoela jokoan azpimarratu du Arzalluzek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

2004ko irailaren 6a
12:54
Entzun
Arzalluzen iduriko, Ibarretxeren Plana aurrera ateratzeko Batasunarekin negoziatzeko indarkeria gaitzestearen baldintza jartzea "Madrilek inposaturiko pentsamendu bakarrera" gehiegi makurtzea da. Gainera, Batasunarekin nahiz ETArekin, Espainiako Gobernu guztiek hitzegin dutela esan du; areago, egungo Madrilgo Gobernua, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistarena, erakunde armatu horrekin mintzatzen ari dela.

"Auzi formal bat dago. Esaten da ezin dela negoziatu Batasunarekin, baina hitzegiten dute. Batasunarekin ez dutela hitzegin esango didate sozialistek? Ez dietela eskaintza seriorik egin Madrilgo Gobernutik? ETAri ere egin dizkiote. Aznarrek ez zuen ETArekin hitzegin eta negoziatu? Baita gainerako gobernuburu guztiek ere; Suarezek zein Gonzalezek. Uste dut abertzaleak gehiegi ari garela makurtzen —baita neu ere— Madrilek politikoki zuzen gisa ezarritakora; Basta Ya-k eta Madrilgo hedabideek inposatzen duten horretara. Ni horren aurrean oldartu egiten naiz. Nire ustez, beste norbaitengandik zerbait behar duzun bakoitzean gutxienekoa harekin hitzegitea da, zer ikuspuntu duten eta zertarako dauden prest ikustea. Izan ere, babesa ematen duenak eskubidea dauka kontuan har dezatela eskatzeko. Nik horrela planteatzen dut auzia", erantzun du Arzalluzek Batasunarekin negoziatzeko talde politiko horrek indarkeria gaitzestea derrigorrezkoa den galdetu diotenean.

Era berean, Espainiako Gobernua eta ETA hizketan ari direla ziurtatu du jeltzaleen buruzagi ohiak. "Formalki ez dit inork esan hala denik, baina informazioak dauzkat. Elkarrizketak izan dituzte ETAren jardunari buruz eta presoak kaleratzeari buruz", esan du. "Ez dira ariko negoziatzen, oso ondo, baina hizketan ari dira", erantsi du.

ETA eta lurraldetasuna

ETAk jardun armatua baztertzeko zer baldintza jartzen duen galdetu diotenean, berriz, "autodeterminazio eskubidea" erantzunidu Arzalluzek, "Ibarretxek bere planean proposatzen duen gauza bera". Bi planteamenduen arteko aldea lurraldetasunean dagoela azaldu du, baina ETAk nolabaiteko iruzurra egiten duela lurraldetasun planteamendu horretan. "Ibarretxek ezin du EAEtik haratago joan, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik haratago, eta beraiek [ETAK] nahi dute [autodeterminazioa] euskal mundu guztian aurrera eramatea. Baina fartsa bat da, badakitelako ezin dela Ipar Euskal Herrian aurrera eraman. Izan ere, ETAk borroka armatua, indarkeria, erabiltzen du helburu politikoak, autodeterminazioa, lortzeko, baina Iparraldean ez dute tiro bakar bat ematen. Noizbait despistaturen batek, ETAko gaztetxoren batek, jendarme bat tirokatu du —zorionez ez zen hil—, baina ETAk barkamena eskatu dio Frantziako Gobernuari. Beraz, nola esplikatzen du ETAk bere helburuak lortzeko eredua Ipar Euskal Herrian aplikatzeko? Eta nolaz eskatzen diote Ibarretxeri berea lurralde osoan aplikatzeko?", galdetu du.

Erreferendumaren balio morala

Ibarretxeren proposamenaren inguruan, berriz, Arzalluzen ustez garrantzitsuena ez da Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzea edo Madrilgo Parlamentuak onartzea, baizik eta erreferenduma egitea eta herritarren hitza aintzat hartzea. Ildo horretatik, "autodeterminazioa" dagoela jokoan nabarmendu du. "Uste dut Ibarretxek erreferenduma egingo duela, eta badago jendea galdeketa horren balioa auzitan jartzen duena eta ezertarako ez duela balio esaten duena. Hori, ordea, ez da horrela. Nik ez dut uste Eusko Legebiltzarrean erabakitakoa Madrilgo Parlamentuan onartuko dutenik; ez daukat horren esperantzarik. Baina hemen erreferenduma egiten bada eta gehiengoak Ibarretxeren planteamenduaren alde bozkatzen badu, Madrilgo Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak edozer esanda ere, horrek indar izugarria dauka. Sakonean, autodeterminazioa dago jokoan. Erreferendum batean euskaldunen gehiengoak, autonomi erkidego honetako gehiengoak, esango balu Ibarretxeren proposamenaren aldekoak direla eta Madril horren aurka agertzen bada argi eta garbi geratuko da hau herri zapaldu bat dela, ez dela bere borondatearen jabe", esan du.

Zapaterorengan konfidantzarik ez

Nolanahi ere, Arzalluzek ez du uste Zapateroren Gobernuak inolako aldaketarik egingo duenik Espainiako Estatu ereduan. Aitzitik, Pascual Maragall Kataluniako presidente sozialistak ere ez duela ezer lortuko iruditzen zaio. "Maragall kea saltzen ari da. Ez du estatutu berri bat lortuko. La gauza formal salduko ditu, baina benetan berria den ezer ez. Ezta eurek kontzertuaren onura esaten dioten horren itzalik ere.Izan ere, PSOEn zenralista asko daude, Gazteen Frontekoak izan zirenak, eta, beraz, ez dute ezer garrantzizkorik lortuko. Eta hori badaki Maragallek, eta badaki ERCk ere, nahiz eta derrigorrean gauzak ondo doazela esan behar duten", adierazi du Arzalluzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.