euskara

Xabier Azanza Euskarabideko zuzendaria kargutik kendu du Nafarroako Gobernuak

Euskarabidea egiturak jarraitu egingo du, eta Maximino Gomez Serrano izendatu dute zuzendari berri.

Berria.info
2011ko uztailaren 18a
18:20
Entzun

Nafarroako Gobernu berriak Xabier Azanza Euskarabideko zuzendaria kargutik kendu du.

Gobernuak baieztatu duenez, Euskarabidea egiturak jarraitu egingo du eta Azanzaren ordezko  Maximino Gomez Serrano izango da, garai batean Hezkuntzako Euskara Zerbitzuko zuzendari izan zena.

Azanzak lau urteotan lan harremana izandako hainbat enpresa eta erakundetako kideei gutuna bidali die agur moduan. Gutunean dio ahal izan duen guztia egin duela lau urte hauetan, "badakit batzuri gutxi irudituko zaiela eta beste batzuei gehiegi, baina inork ez du esaterik izanen saiatu ez garenik".

Gutun luzea idatzi du Azanzak, bertan eskerrak ematen dizkie bidelagun izan dituenei eta barkamena ere eskatu dio urte hauetan egindako lanak mindutako jendeari.

2007ko abenduan aukeratu zuten Azanza Euskarabideako zuzendari. Sorreratik bertatik gorabeheratsua izan da Azanzaren zeuzendaritza. Garai hartan Hezkuntza kontseilari zen Carlos Perez-Nievasek berak onartu zuen  "kulturaren arloko erreferente ezaguna" nahi zutela kargurako, baina soslai hori betetzen zuen inoren baiezkoa lortu ez, eta kudeaketan eta giza baliabideetan aditu Xabier Azanza hautatu zuten azkenean.

Euskalgintzaren mundutik kritika asko jaso ditu Azanzak. Besteak beste, 2009an krisia aitzakitzat hartuz Nafarroako euskarazko komunikabideak diru laguntzarik gabe utzi izanak hautsak harrotu zituen.

2010ean hainbat sindikatuk Azanzaren dimisioa eskatu zuten Euskarabidearen baitan zegoen "lan giro txarraren erantzule nagusia" bera eta bere lan taldea zela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.