Gaur bukatu zaio Xabier Etxeberria (Azpeitia, Gipuzkoa) presoari Frantziako Justiziak jarri zion zigorra, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko eskatu berri du, eta datozen asteetan hori aztertzekoa da Frantziako Justizia. Mureten (Frantzia) zegoen preso Etxeberria eta Seyssesko espetxera eraman dute.
"Atzo 17:00etan dei guztiak moztu zizkioten Xabierri eta eta gaur 5:00etan espetxetik aterako zutela esan zioten. Gaur goizean Mureteko espetxetik atera eta Seyssesko espetxera eraman dute, espetxe prebentibora", dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Hamalau lagun joan dira Muretera, hari elkartasuna adieraztera eta egoera salatzera. Gaur 19:30ean asanblada egingo dute Azpeitiko plazan.
Martxoaren 3tik gose greban dago Etxeberria, Espainiako Estatura kanporatua izateko arriskuagatik. Senideek ez dakite protesta utzi duen edo ez.
Lehengo astean Azpeitiko Udalak kezka agertu zuen. Ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren aldeko botoekin onartu zuten mozioa, herrikideak Espainiako Estatuan "torturatua izateko arriskua duelako". EAJk -alkatetzan dago- aurka bozkatu zuen.
Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hau iazko urte bukaeran, Frantziako zigorra bukatu ostean, Espainiaratu egin zuten; Soto del Real espetxean dute harrezkero.
Euskal presoak
Xabier Etxeberria presoa Espainiaratzeko euroagindua eman dute
Gaur bertan bukatu zaio Frantziako Justiziak ipini zion zigorra. Mureteko kartzelatik Seysseskora eraman dute gaur goizean. 2003an atzeman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu