Xabier Gonzalez Sola (Bilbo, 1974) atxilotu zuen atzo Poliziak Erroman, Bandera Negra talde anarkistarekin lotura duelakoan. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "talde terrorista bateko kide izatea" egozten diote, baita "terrorismoa goratzea" ere. Italiako Poliziak egin du operazioa, Espainiako Poliziaren kolaborazioarekin.
Ministerioak dioenez, iaz Sabadellen (Herrialde Katalanak) atzeman zuten mossoek, Bandera Negra taldearen kontrako operazio batean. Iturri beraren arabera, irailean ihes egin zuen etxetik, espetxeratzea saihesteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak martxoaren 11n eman zuen hura atxilotzeko agindua.
Gonzalezek aurrekariak ditu "kale borroka taldeetan aritzeagatik", Barne Ministerioak emandako informazioaren arabera. "1992ko uztailean bere anaia Igor Gonzalez Solarekin Frantziako matrikula zuten bi autoen erreketan parte hartu zuten. Ekintza hori Egin egunkarira egindako dei anonimo batean hartu zuten bere gain". Ministerioak gaineratu du Igor anaia orain espetxean dagoela, ETAren Amaiur taldeko kide "liberatua" zelako.