Xalbador ikastegiaren eraikitzeko baliatuko dute Herri Urratseko dirua

Iparraldeko ikastolen jaia maiatzaren 13an eginen da, Senperen; 'Elkartuz zabaldu' izanen da aurtengo leloa

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolek maiatzaren 13rako ezarri dute jai nagusia, Herri Urrats. Elkartuz zabaldu izanen da aurtengo leloa, eta, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak nabarmendu duenez, ikastolen filosofia biltzen du: «Euskaldun guztien indarrak bilduz, euskara bultzatu nahi duten herritar ororen indarrak bilduz, lortuko dugu euskara zabaltzea gizartean». Iaz bezala, Herri Urratsen bilduko den dirua Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko eraikuntza lanak laguntzeko baliatuko dute.

Izan ere, Xalbador kolegioko eraikuntza lanek 5,5 milioi euroko aurrekontua dute. Kontseilu Nagusiak horren parte bat ordainduko du, 2,8 milioi euro, hain zuzen ere. Parte bat diru laguntza gisa emango du, eta bertze partea, mailegua ordaintzeko dirua emanez. Ororen buru, 2,7 milioi euro Seaskaren gain geldituko dira. Kopuru hori ordaindu ahal izateko datozen urteotan Seaskak erronka handi bati buru egin beharko diola nabarmendu du Gorostiagak. «Aurtengo Herri Urrats besta ekinaldi zabal bateko lehena izanen da».

Aitzina segitu ahal izateko Seaskak euskaltzale guztien sostenguaren beharra duela erran du Gorostiagak. Behar hori aurtengo Herri Urratsen leloan islatzen da. Izan ere, lehen aldiz, Seaskak 3.000 ikasleren heina gaindituko du heldu den irailean. Horrekin batera, ikastola bat ireki nahi du Lapurdin, Ziburun. Aspalditik abiatu zituzten xede hori burutzeko bilkurak, baina herriko etxeak, hastapen batean xedea baikor hartu bazuen ere, oraindik ez du engaiamendurik hartu.

Oztopoak oztopo, aitzina egiteko borondate irmoa duela jakinarazi du Seaskak. Xalbador ikastegiko xedeak ondoko urteotako diru ahalak irentsiko ditu, baina Seaskak ez dio uko eginen ikastolen eredua zabaltzeko erabakiari. «Euskaraz ikasi nahi duela erraten digun haur bakar bat ere ezin da kanpoan gelditu; ezin dugu haur bat kondenatu frantses elebakarra izatera», erran du Gorostiagak. Ziburuko gurasoek borondate irmoa erakutsi dute, eta oraindik ikastola berria non kokatuko den ez badakite ere, egin eginen dela berretsi dute. Beharrak tresnak sortzen dituela dio Seaskak, eta hor daudela orain artean hartutako erabakien emaitzak.

Katalanen laguntza

Lehen aldiz, Euskal Herrikoa ez den talde batek egin du Herri Urratseko kantua, Kataluniako La Troba Kung Fu taldeak, hain zuzen ere. «Herri Urratsen kantua egitea eskaini zigutenean, ez genuen zalantza izpirik izan», azaldu dute La Troba Kung Fu taldeko kideek. Christian Amorena Damba taldeko musikariaren laguntzaz, fandango eta kalejiraren erritmoak uztartzen dituen kanta bat sortu dute. Euskal Herriko musika estiloei bertze herrialde bateko estiloak erantsi dizkiete, bertzeak bertze tziganoen musiketan baliatzen direneskusoinu alai eta kantagarriak. Kantuaren aurkezteko birari ekin diote La Troba Kung Fu taldeko kideek. Joan den ostegunean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izan ziren, eta, Amorenak azaldu duenez, harrera ezin beroagoa ukan zuen kantak. Atzo,Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa) izan ziren, eta, egun, Ondarroako Kafe Antzokian (Bizkaia) izanen dira.

Egitarau osoa datozen asteetan aurkeztuko dute, baina jakinarazi dute Senperen izanen diren zenbait kantariren izenak, hala nola Zarama, Su Ta Gar, Obrint Pas, Gose, Bidaia etaAnje Duhalde.

Atzoko agerraldia Herri Urrats taldeko presidente izandako Serge Zudaireri omenaldia egiteko ere baliatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.