BIHAR BERRIA-N

Xavier de Pedro: "Ulergarria da Esako bizilagunen beldurra, baina segurtasuna emanen diegu"

Ebroko Ur Konfederazioko burua Esa udalerriko (Nafarroa) urtegiaren segurtasunaz mintzatu da. Hona bihar BERRIAk argitaratuko duen elkarrizketaren aurrerapena.

2013ko uztailaren 20a
17:59
Entzun

Esako urtegia handitzeko lanen aurkako ahotsak gero eta ozenagoak izan dira azken asteetan. Duela hilabete bat jendetza bildu zen Zangozan, azpiegitura handitzeko lan polemikoen aurka protesta egiteko. 4.500 lagun, antolatzaileen esanetan. Izan ere, lanak hasi zituztenetik lur mugimenduak izan dira urtegiaren ezker zein eskuin magalean. Hala ere, De Pedro baikor agertu da, eta azpiegituaren "segurtasuna bermatu" dela nabarmendu du. 

"Hegala gelditzea lortu dugu, baina lanean jarraitu behar dugu, euri anitz eginen balu, edo lurrikara bat gertatuz gero, berriz mugitzen ahal delako", jakinarazi dio BERRIAri. 

Hala ere, Zangozako herritarren kezka ulertzen duela aitortu du: "Ulergarria da Esako bizilagunek beraien etxeetara bueltatzeko beldurra izatea, baina behar duten konfidantza eta segurtasuna emanen diegu. Hegala lehen baino hobeki utziko dugu. Kontua da aspaldiko irristatze bat dagoela magal horretan. Mugitu eginen da, baina hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu".  

Proiektua, hala ere, uste zen baino garestiagoa izango dela iragarri du. "100 milioi ingurukoa zen hasierako aurrekontua, eta 300 ingurukoa oraingoa. Atzerapenak garestitu du proiektua, bai eta Sigues ez urperatzeko egin ditugun aldaketek ere", azaldu du.  

Bihar elkarrizketa osoa argitaratuko du BERRIAk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.