Hasten duen proiektu oro emozioz hartzen du Jose Mari Unsainek (Orio, 1951). Badira hogei urtetik gora egun esku artean duen egitasmoa abiatu zuela, eta, hala ere, hasierako grinak bizirik dirau Oriokoaren ahotsean, Ontzi Museoaz hitz egiten duen aldiro.
Filosofian lizentziaduna, Euskal Filmotekako kolaboratzailea, Ontzi Museoko zuzendaria, marrazkilaria... Egin ez duzun ezer?
[Barreak] Bai, egia da, gauza askoan aritu naiz, bai Ontzi Museoan bertan eta baita handik kanpora ere. Proiektu asko ditut, batzuk museoarekin lotuta eta beste batzuk pertsonalagoak, baina denak egitea gustatuko litzaidake.
Egin dituzun lan ia guztiek dute zerikusia artearekin eta historiarekin. Zerk erakartzen zaitu bi alor horietatik?
Irudia egiten zait oso erakargarria, zentzu guztietan, gainera; zineman, komikian... eta era guztietako irudiak gustatzen zaizkit. Hortik piztu zitzaidan artearen historiarekiko interesa. Egindako lanak ikusten badituzu, ohartuko zara gehienak ikus-entzunekoekin eta Euskal Herriarekin zerikusia dutela. Museoko publikazioekin ere alor hori zaintzen saiatu gara, irudiari tarte gehiago emanez eta hura dokumentu historiko bat balitz bezala tratatuz.
1991n hasi zinen Ontzi Museoa sortzeko proiektuan parte hartzen. Nola hasi zen harremana?
Hori azaltzeko, bi edo hiru urte egin behar dira atzera. Soko [Romano, zuzendarikidea] Diputazioan zebilen garai hartan, eta aurretik museologia ikasia zen Parisen. Beraz, ni iritsi nintzenerako, hura proiektuan lanean ari zen. Bestetik, gu ez gara funtzionarioak; Airu izeneko enpresa bat da gurea, kultur zerbitzuak eskaintzen dituena. Ondorioz, hainbat urtean behin lehiaketa publikora aurkezten gara, eta hala egin ditugu azken 22 urteak ere.
Zein helburu jarri zenituzten hasiera hartan?
Itsas historia ikertu eta hedatzea, beti ere Museoen Nazioarteko Kongresuak ezartzen dituen arauak betez. Espazio arazoak zituen museo honek, eta baliabide gutxi. Museoa zabaldu genuenean, hainbat bitrina hutsik zeuden, ez zegoen bildumarik. Hutsetik abiatu ginen. Itsas historiari buruz egin genuen lehen erakusketa. Ontzien maketak eta arrantzaleen ohiturak azaltzen zituen bideo bat ere bazen. Baina, 11 urteren ostean, aldatzeko garaia heldu zela erabaki genuen. Orduan hasi ginen aldi baterako erakusketak egiten beheko solairuetan.
Ezustekorik ere izango zenuten urte hauetan guztietan, ez?
Euskal Herriaren itsas historia izugarria da edonola begiratuta ere, eta ikertzen hasten bazara, ezusteko asko aurkitzen dituzu, bai istorio aldetik eta bai tresnei dagokienez. Adibidez, behin egin genuen erakusketa bat Kontxako badian aurkitutako tresnekin: buztinezko ontziak, metalezko piezak eta abar. Grabatu ugari ere aurkitu izan ditugu, zaharki edota bigarren eskuko salerosleen bitartez, edota enkanteetan. Horri esker, hutsetik abiatuta bilduma txukuna lortu dugu, bai grabatuei dagokienez eta baita bestelako piezetan ere. Ontziekin ere lan handia egin dugu, hemen urteetan ez baitira arrantza ontziak itsas ondaretzat jo. Lurrunontziak eta belaontziak desagertu egin dira. Izan ere, Galizian ez bezala, hemen lurrunontziek oso azkar desagerrarazi zituzten belaontziak, eta teknologia berriek lurrunezkoak. Inori ez zitzaion bururatu haiek kontserbatzeko ahaleginik egitea. Ondorioz, baditugu haien ezaugarri batzuk dituzten ontziak, baina ez daukagu atunetarako belaontzirik, 1920ko hamarraldirako desagertuak baitziren guztiak. Baten atzetik ere ibili ginen Lekeitio aldean, baina ez genuen aurkitu. Dena den, ontziak berreskuratzeko lan handia egin dugu. Adibidez, badugu Orioko traineru zaharrena dena, 1960ko hamarkadakoa, egurrezkoa.
Zer geratzen da ikertzeko?
Asko. Julio Caro Barojak esan ohi zuen euskaldunak beti agertu izan ginela historian mendizale eta nekazari modura, itsasoarekiko lotura ahaztuz: "Niretzat euskal historiak eduki dezakeen igarkizun eta indarrik handiena da euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana". Alor horretan, museoaren lanik garrantzitsuenetako bat izan zen Itsas Memoria aldizkaria sortzea. Bertan itsasoari buruzko ikerketak jasotzen dira. Hala ere, asko dago oraindik egiteko. Oso gutxi ikertu da, esaterako, itsas garraioaren edo ontzigintzaren inguruan. Interesgarria da kortsarioen gaia ere, euskaldunek zerikusi handia izan baitzuten. Pentsa, XVII. mendean, Donostia eta Hondarribia ziren Europako kortsarioen bilgune nagusiak. Ekonomiako beste alor batzuek huts egiten zutenean, bizitzeko bide bat zen kortsarioena edota itsas kontrabandoarena.
Orain ohartu gara historiaren zati horrek duen garrantziaz?
Uste dut asko egin dela aurrera azken urteetan; Caro Barojak esaten zuena jada ez da errealitatearen isla. Haren aurretik baziren noski erreferentzia batzuk historia liburuetan bale ehizaren inguruan eta [Juan Sebastian] Elkanori buruz, baina eduki gutxikoak eta oso lausoak ziren. Orain, jendea gehiago ohartzen da tradizio horren garrantziaz; gurea ez da alor horretan ari den museo bakarra ere, eta horrek eragina du.
Nola antolatzen da erakusketa bat?
Lehenik eta behin, gaien ezagutzari buruz izan ditzakegun hustuneak aztertu behar dira, eta baita buruan duguna errealitate bilakatzeko dauden aukerak ere. Kortsarioen kasuan, esaterako, kanpoko irudietara jo behar da, guk ez dugulako ondare nahikorik zentzu horretan. Beraz, ideia oso ona izanda ere, ondasunak beharrezkoak dira. Aurretik eginda dauden ikerketak ere oinarrizkoak dira.
Eta non bilatzen dira ondare materialak?
Toki askotan aurki daitezke, bilduma partikularretan, besteak beste. Txurrukaren edota Gaztañetaren kasuan, badago Arrieta-Kuba izeneko etxe bat, non ondare asko aurki daitekeen. Hor badituzu gauza ugari, Gaztañetarenak lehenik eta Txurrukarenak gero. Baina beste batzuetan beste museoetara jotzen dugu, edota antzinako enpresetara. Garrantzitsua da immateriala den ondarea ere, hasi musikatik eta herri istorioetaraino edota ontziak eraikitzeko erabiltzen ziren tekniketaraino.
Iaz, erakusketa berezi bat egin zenuten, euskal kostaldean hondoratutako ontziei buruzkoa.
Bai, bada bat ezaguna, Bermeon 1912an gertatutakoa, galerna baten ondorioz. Sarraski izugarria eragin zuen hark, baina ez zen bakarra izan. Hura ezagun egin zen irudi ugari jaso zirelako, hiletenak eta abar. Baina XIX. mendearen amaieran ere izan zen beste bat, Pazko larunbateko tragedia deitu izan zena. Orduan, galerna izugarri batek Kantabrikoko portu asko jo zituen, eta hildako ugari eragin. Kantabria, Bizkai eta Gipuzkoako hirurehun arrantzaletik gora hil ziren haren ondorioz; askok diote mende hartako galerna okerrena izan zela.
Atzerago ere badira gehiago. Kontxan, esaterako, hondoratze asko egon ziren. Eguraldi txarragatik portura sartu ezinda geratzen ziren ontzi askok hondoa jotzen zuten. XVI. mendetik erreferentzia ugari daude. Berdin Pasaiako porturako sarbidean ere.
Hala, erakusketa hartarako bilaketa egiten konturatu ginen Erromatarren garaietatik zeudela hondoratzeen inguruko datuak. Esaterako, hondoratutako merkataritza ontzi batetik ateratakoak dira Higer lurmuturrean aurkitutako erromatar arrastoak. Gai honekin hasi nintzenean ere beldur nintzen nahikoa informazio lortuko ote nuen erakusketa bat antolatzeko.
Baina ustekabea hartu zenuen.
Bai. Jasotako informazio guztiarekin, liburuxka bat ateratzea erabaki genuen. Gauza harrigarriak bildu genituen. Esaterako, 1586an, Sevillatik Pasaiara zetorren merkataritza ontzi bat, artilleria piezekin. Bidean, kortsoen eraso bat saihestea lortu zuten, eta Itziarko Andre Mariren parean ihesa ospatzeko asmoz, agur tiroak egin zituzten oinarririk gabeko kanoi egurrezko batekin. Deskargaren indarrak denak harritu zituen. Eta hala deskribatu zuen Isasti historialariak: «Jainkoaren justizia tarteko, egin zuen burrunbaren ondorioz, ontzia zatitu eta hondora joan zen. Bost ez beste arrantzale guztiak hil ziren». Izugarria.
Eta hondoratze horien arrastoak aurki daitezke oraindik kostaldean?
Bai, noski. Gainera, dagoeneko badakigu haietako batzuk non dauden, baina, laguntzak falta direla eta, urpean jarraitzen dute.
Zenbaitek hori entzunez gero, uretara egingo dute jauzi, bi aldiz pentsatu gabe.
[Barreak] Bai, baina kontu handiz ibili behar dugu, zeren eta ondare asko galdu da modu horretan. Maiz, bilatzaile ez-profesionalek ontzi baten arrastoak aurkitu, eta etxera eraman izan dute agian bakarturik askorik balio ez duen baina beste piezekin batera informazio asko eman dezakeen atalen bat, oroigarri moduan.
Eguraldi txarreko egunetan jendea zinemara edo tabernetara joaten da, baina ez museoetara. Zer falta zaie erakargarri bihurtzeko?
Nik uste dut jendeari ez zaiola historia bereziki interesatzen. Beti esaten dugu garrantzitsua dela nondik gatozen jakitea eta abar, baina gero erakusketa handiak egin, eta inor gutxi gerturatzen da gurera, batez ere gazteen artean. Askorentzat, museoa toki aspergarria da. Gutxi batzuek agertzen dute benetako interesa, eta, noski, eskolekin ere harremanetan gaude.