indarkeria matxista

Yamiled Giraldo Quintero

Cordovilla, 2009ko apirilaren 25a.

2009ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Mendeku itsu eta gordina izan zen. Euskal Herrian gutxitan ikusi bezalakoa. Giraldoren salaketa baten eraginez kartzelan bukatu zuen Sunbillako prostituzio etxe bateko jabeak, Jose Lareok, Irungo gipuzkoar batek. Eta hark agindu zuen Giraldo hiltzeko, kartzelatik; hark jarri zuen dirua, kartzelatik; eta mertzenario talde batek odolik hotzenarekin hil zuen Giraldo, 13 urteko semearen aurrean, bost tiro emanda, Cordovillako etxe baten atarian, Nafarroan. 2009ko apirilak 25 zituen, eta alarguna eta lau seme-alaba utzi zituen Yamiled Giraldo Quinterok. 33 urte zituen.

Giraldo kolonbiarra zen sortzez, eta prostituzio etxe batetik bestera ibili zen bolada batean, apaintzaile gisa lanean hastea lortu zuen arte. 2001ean, 25 urterekin, ezkondu egin zen, eta Iturenen bizitzen jarri zen bere senarrarekin. Cordovillan hil zutenean, lau seme-alaba zituzten etxean, bi bikotearenak, eta beste bi, Giraldok aurretik edukitakoak.

2002an auzitegira joan zen Giraldo. Prostituzio etxeko jabea salatzea erabaki zuen. Senarrak berak ere bultzatu zuela azaldu zuen epaiketan: «Neronek animatu nuen, gizon hori salatu zezan. Esaten nion: hau ez da Kolonbia, beste leku bat da». Deklarazio gogorra eta zaila egin zuen senarrak epaiketan.

Hiru emakumeren artean salatu zuten, azkenean, Jose Lareo. Prostituzioan aritzera behartu zituela eta sexu abusuak egin zizkiela leporatu zioten. Epaiketa egitea lortu zuten. Joan ziren deklaratzera. Eta Lareo zigortu egin zuten: hemezortzi urtez kartzelatzeko agindu zuen epaileak, eta hiru kaltetuetako bakoitzari 19.000 euro emateko ere agindu zion.

Kartzelara sartu zuten Lareo, baina ez zuen ahaztu. Hariak mugitzen hasi zen itzalpean, sententziako testuak agertzen duenez: Pedro Andres Garcia izeneko 25 urteko preso batekin harremanetan jarri zen aurrena, hilketa batengatik kartzelatua baitzegoen. Garciak beste preso bati pasatu zion enkargua, Karlos Igariri, 26 urteko gazte bati. Igarik bazuen neska lagun gazte bat, 18 urtekoa, Nira Arandigoyen, zeinarekin baitzuen ume txiki bat. Emakumea vis a vis batera joan zitzaion batean azaldu zion plana Igarik Arandigoyeni. Rodrigo Soloeche delako batekin harremanetan jartzeko ere eskatu zion.

Jose Lareo bera kartzelako baimenekin zen garai hartarako, zigorraren zazpi urteak beteta, eta baimen horietako bat aprobetxatuta gelditu zen Arandigoyenekin, kalean. 4.000 euro eman zizkion hilketaren enkarguarengatik, eta 2.000 euro gastuetarako. Yamiled Giraldo hil ondorenerako, beste 4.000 euro agindu zizkien. Hilketa gertatu baino aste batzuk lehenago izan zen hori, apirilean bertan.

Arandigoyenek Giraldori telefonoz deitu zion apirilaren 23an. Zita bat jarri zuen, Cordovillan. Hiltzeko asmoa zuten lekuan, apartatua zelako, eta ihesbide ugari zituelako, hiltzaileen esanetan. Lanera joan zen Giraldo, 13 urteko semea ondoan hartuta; lanerako asmoz. Agindutako lekuan zegoen goizeko zortzietarako. Arandigoyen eta Soloeche agertu ziren autoz; ondoan aparkatu zuten; pistola eskuan zuela atera zen Solocoeche; eta bost tiro eman zizkion Giraldori, autotik bere langaiak ateratzen ari zenari.

Fiskalaren arabera, mutikoari ere tiro egiten saiatu zen Solocoeche, baina pistola ataskatu egin zitzaion. Akusatuak, ordea, beti ukatu zuen akusazio hori. Umeak berak, epaiketan, ziurtatu zuen gizonak berari ere apuntatu ziola, eta pistolak «klik» bat egin ziola.

Segurua da, edozein moduz, Jose Lareok gainerako 4.000 euro haiek eman zizkiela hiltzaileei. Mendekua egina zegoen.

Poliziak denbora behar izan zuen, baina uztailaren 2an hilketan erabilitako pistola aurkitu zuten Arga ibaian, eta uztailaren 3an hamahiru lagun atxilotu zituzten foruzainen eta guardia zibilen artean. Nafarroan atxilotu zituzten horietako batzuk, eta Tenerifen (Espainia) beste batzuk. Akusatutakoen arteko telefono deien ugaritasunak eman zien atentzioa, nonbait.

Epaiketan, azkenean, bost lagun auzipetu zituzten. Jose Lareori hemeretzi urteko zigorra erantsi zion epaileak, hilketara bultzatzeagatik: justiziari ez laguntzeagatik beste hiru urteko zigor bat ere eman zion. Lareok 51 urte zituen orduan. Solocoecheri eta Arandigoyeni, berriz, 21 urte eta zazpi hilabeteko zigor bana ezarri zien. Igari eta Garciari, berriz, 20 urte eta sei hilabeteko zigor bana, bakoitzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.