Hilketa egin eta bi urte eta erdira hasiko dira epaitzen Yasmin Rodriguezen bikotekide ohia. Bihar izango da lehen auzi saioa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian. Otsailaren 8ra arte iraungo du epaiketak. Denera bost akusazio aurkeztu dira auzian: bi partikular —Rodriguezen alaba eta hiltzaileak zauritu zuen gizona— eta hiru herri akusazio —Irungo Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernua—. Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat.
2009ko maiatzaren 9ko goizaldean hil zuen gizonak Yasmin Rodriguez, Irunen (Gipuzkoa). Ezkonduta egonak ziren biak, baina banatuta zeuden ordurako; Fiskaltzak aurkeztutako txostenean adierazi du gizonak etengabe jazartzen ziola andreari, jarraitu egiten zuela, eta etengabe deitu telefonoz. Halaxe gertatu zen Rodriguez hil zuen gauean ere. Lagun batzuekin dantzaleku batera joana zen andrea, eta, atera zirenean, atarian zain zeukaten bikotekide ohia. Eztabaida izan zuten, eta, fiskalaren arabera, hiltzeko mehatxua egin zion gizonak.
Gau hartan hil zuen. Autoan etxera bidean zela, atzetik segitu zion gizonak Rodriguezi, eta istripua eragin zuen; atzetik jo zuen andrea zihoan autoa, eta gurutzatuta geratu zen ibilgailua errepidean. Autotik atera, eta labankadak eman zizkion emakumeari.
Goizaldea zen, 04:00ak pasatxo, baina parean tokatu zen herritar bat. Motoan zihoan, eta geratu egin zen, andreari laguntzeko asmoarekin. Ordea, hari ere eraso egin zion gizonak; Fiskaltzaren esanetan, gizonak ez zekien hiltzaileak labana bat zeukala, eta ez zuen defendatzeko aukerarik izan. Auto istripua izan zelakoan, udaltzainak joan ziren lekura; labana zauriekin aurkitu zituzten Rodriguez eta hari laguntzera joandako gizona, eta lekuan bertan zegoen hiltzailea ere. Atxilotu egin zuten hura, eta beste biak larri eraman zituzten ospitalera. Ordubetera hil zen Rodriguez; lepo inguruan labankatu zuen, eta odol asko galdu zuen. Hari laguntzera joandako gizona sabelean eta bizkarrean labankatu zuen, eta 19 egun egin zituen erietxean.
Herri epaimahaia
Bi hilketa egotzi dizkio fiskalak gizonari —horietako bat saiakuntza graduan, ez baitzuen gizona hiltzea lortu—, eta beste lau delitu ere bai: mehatxu larriak egitea, etengabe bortxaz aritzea, zirkulazio ezbehar bat eragitea eta lesioak sortzea. Horiengatik guztiengatik, gizona 50 urtez espetxeratzeko eta 50.800 euroren kalte-ordainak pagarazteko eskatu du.
Akusazioek ere hilketa egotzi diote gizonari. Rodriguezen alabak 46 urteko espetxe zigorra eskatu du hiltzailearentzat, eta 250.000 euroko kalte-ordaina galdegin du; laguntzera joan zen gizonak, Juan Pablo Urtizbereak, 44 urteko kartzela eta 100.000 euroko ordaina nahi ditu. Herri akusazioen eskariak ere bertsuak dira. Herri epaimahai batek hartuko du erabakia. Bihar bertan eratuko dute, eta, ondoren, lehen aldiz deklaratuko du hiltzaileak.
Yasmin Rodriguezen hiltzailearentzat, 50 urteko zigor eskaria
Irunen bikotekide ohia hil eta hari laguntzera joandako gizona zauritu zuena epaitzen hasiko dira bihar Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu