Yemenen oso larri zauritutako euskal herritarrak "koma larrian" segitzen du

Maria Asuncion Vitoricari bigarren ebakuntza egin diote eta "gutxi egin du hobera". Haren bi ahizpa Sanara joango dira arratsaldean. Mikel Essery eta Magie Alvarezen gorpuak gaur goizean heldu dira handik Madrilera, eta senideen esku geratuko dira gaur. Bi euskal herritar zaurituri senda-agiria eman diete.

2007ko uztailaren 4a
19:13
Entzun
Maria Asuncion Vitorica, Yemenen herenegun atentatuan oso larri zauritu zuten euskal herritarrari (Amurrio, Araba) atzo gauean berriro egin zioten ebakuntza -bigarrena-, han bertan, eta, Al Zara ospitaleko medikuek esan dutenez, hura "koma larrian" dago. Metrailak eragindako zaurituak dauzka buruan. "Gutxi egin du hobera atzo gauetik", adierazi du Yakub Sale medikuak. Sana hiriburuan dago ingresatuta Vitorica.

Espainiako Gobernuaren Kanpo Harremanetarako iturriek esan dutenez, Vitoricaren bi ahizpa gaur arratsaldean Sanara abiatuko dira Espainiako Armadaren hegazkin batean. Polizia bat eta mediku bat ere joango dira haiekin. Iturri berberek esan dute Maria Asuncion Vitoricak bost bat egun beharko dituela Espainiara edo Euskal Herrira bidaiatu ahal izateko.

Sanan dira Joan Clos Espainiako Gobernuaren Turismo ministroa eta honi lagundu dioten medikuak, eta Vitorica dagoen ospitalak gutxieneko baldintzat betetzen dituela jakinarazi dute.

Atentatu suizidan bederatzi lagun hil zituzten: bi euskal herritar, lau kataluniar, espainiar bat eta bi yemendar. Mikel Essery eta Magie Alvarez dira bi euskal herritarrak (Zarautz, Gipuzkoa), eta bien eta katalanen eta espainiarraren gorpuak gaur iritsi dira Espainiara. 07:15ean heldu da Yemendik Espainiako Armadaren hegazkina Torrejon Ardozera (Madril) eta, espainiar eta katalan agintariez gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak ere bazueden zain. Senideak ere bai.

Hildakoez gain, atentatuan zauritutako sei lagunetatik bost ere heldu dira. Hiru euskal herritar daude zaurituen artean: Begoña Larrabeiti, Eva Maria de Mena eta Maria Estibaliz Diez del Rio bizkaitarrak. Aurreneko biei senda-agiria eman diete gaur, eta Diez del Riok beste egun bat egon beharko du ospitalean, belauneko zauriak sendatzen.

Hildakoei gaur autopsia egingo diete Madrilen, nortasuna berresteko. Tramite guztiak betetzen dituztenean, senideen esku utziko dituzte gaur, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera.

Esseryren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, Donostian, San Vicente elizan, 19:30ean. Aurrez, 13:00etan, Aiako (Gipuzkoa) hilerrian lurperatu egingo dute. Alvarezen aldeko hileta-eta noiz egingo diren zehaztu gabe dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.