Yemengo presidenteak ere aldaketak iragarri ditu Konstituzioan

2011ko martxoaren 10a
12:53
Entzun

Herrialde arabiarretan izaten ari diren protesten arreta azken asteetan Libian gertatzen ari denak bereganatzen badu ere, beste herrialde batzuetan ere aldaketak iragartzen ari dira. Omanen eta Yemenen herritarrak altxatzen ari dira, nahiz eta informazio gutxi iristen den, eta Yemengo presidente Ali Abdala Salehk urtea amaitu baino lehen Konstituzioa aldatuko duela esan du. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Salehk boterean, eta azken egunetan hainbat pertsona hil dira protestatan. Diskurtsoan esan duenez, batasun nazionaleko gobernua eratuko du Konstituzioan egin beharreko aldaketak prestatzeko, "sistema parlamentario baterako". Bere proposamenaren arabera, estatuko burua parlamentariek hautatuko dute, eta ez orain arte bezala, herritarrek zuzenean. Protestak hasi zirenean Konstituzioa aldatzeko asmoa zuen Salehk, baina orduan boterean jarraitu ahal izateko egin nahi zituen aldaketak. Orain, ordea, iragarri du ez dela 2013ko presidentetzarako hauteskundetara aurkeztuko.

Saudi Arabia, emakumeei debekak kentzeko eskatuz

Saudi Arabian bihar Haserrearen Eguna deitu dute, eta xiitek euren kontrako diskriminazioarekin amaitzea eskatzen dute. Gutxiengoa dira xiitak suniak gehiengo diren herrialdean, eta errepresioa handia da. Hala ere, ez da hori diskriminazio mota bakarra. Demokrazia eskatzen ari diren protestagileek aurtengo udal hauteskundeetan emakumeei bozkatzeko eskubidea ematea eskatzen ari dira. Horretarako, ordea, Gobernuak herrialdeko erligio adituei kontsulta egin behar die. Abdula erregearen iloba Alwalid bin Talal printzipeak, gainera, emakumeek gidatzeko duten debekua kentzeko eskatu du, modu horretan Saudi Arabian txofer lanetan ari diren atzerritarrekiko menpekotasuna arinduko delakoan. Saudi Arabian emakumeek ezin dute kalera atera senide gizonezko bat ondoan ez badute, eta osorik estali behar dute gorputza. Poliziak horrela egin dadin zaintzen ditu kaleak.

Maroko, aldaketak Konstituzioan

Mohamed VI.a Marokoko erregeak aldaketak iragarri zituen atzo Konstituzioan, eta botere banaketa eta lehen ministroaren eskumenak indartuko dituela esan zuen. Gainera, konpromisoa hartu zuen hauteskundeak irabazi dituen alderdiak aurkezten duen hautagaia izendatzeko lehen ministro, eta ez orain arte bezala berak nahi zuena. Otsailaren 20an Marokoko hainbat hiritan protestak izan ziren, demokrazia eske, eta orduan egindako eskaerei erantzungo diela esan du Mohamed VI.ak. Aldaketak egiteko batzorde bat izendatu du erregeak, eta ekainean aurkeztu beharko dute txostena, ondoren erreferendumean onartu daitezen. Parlamentuaren jarduna eta alderdi politikoena ere indartuko omen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.