Politikaria, kazetaria, idazlea, euskaltzalea... Hainbat alde zituen Martin Ugaldek, eta, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira, guztiak ezagutzeko aukera egongo da Hondarribian (Gipuzkoa) ireki berri duten erakusketan. Haren berri eman dute aurkezpen ekitaldian Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak eta Martin Ugalderen alaba Itxaso Ugaldek eta seme Unai Ugaldek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Andoaingo eta Hondarribiko udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, BERRIA eta Jakin daude proiektuaren atzean. Uztailaren 4ra arte egongo da zabalik erakusketa, Hondarribiko Arma Plaza fundazioko bulegoan, eta Martin Ugalde pertsonaren eta haren lanaren transmisioa bultzatu nahi dute erakusketaren bidez. Haren jaiotzatik mendea aurten beteko dela eta, beste hainbat egitasmo ere antolatu dituzte.
Martin Ugalderi buruzko erakusketa ez da zerotik sortua izan; Larrartek azaldu duenez, 1997an Andoainen (Gipuzkoa) egindako erakusketa batean oinarritutakoa da. Bertan, Ugaldek izandako askotariko jarduerak jaso nahi izan dituzte: «Haren biografia, kazetari izaera, idazle izaera, euskaltzale izaera eta izaera politikoa biltzen da». Gainera, Ugalderi buruz Euskal Herriko zenbait ikerlarik eta idazlek esandakoak ere bertan daude, baita Ugaldek berak esanak ere: «Garrantzi handia eman zaio hark han eta hemen esandako hitz edo esaldi batzuk biltzeari, iruditzen zaigulako horrek berak erakusten duela ondoen Martin [Ugalde] zein izan zen». Larrartek esan duenez, Ugalderen «kezka handienetako bat» transmisioa izan zen, eta hori da eurek ere erakusketaren bidez lortu nahi dutena: «Gure asmoa da tradizio horri segida ematea; Ugaldek momentu batean egin zuen horrekin guk ere jarrai dezagun, eta egin dezagun gauza bera haren pertsonarekin eta haren lanarekin».
Erakusketa aretoan hainbat panel jarri dituzte ikusgai. Horietan, Martin Ugalderen biografia ageri da, baita haren alderdi desberdinen —kazetaria, idazlea, euskaltzalea eta politikaria— inguruko azalpenak ere. Martin Ugalde kultur parkeari buruzko nondik norakoak ere bertan daude. Horretaz gainera, Martin Ugaldek idatzitakoaren «lagin bat» ere jarri dute eskura, Larrartek jakinarazi duenez, haren lana zabalagoa bada ere: «Gaur egun identifikatuta dauzkagun lanen artean, Martinek [Ugaldek] 47 liburu utzi zituen idatzita, 50 liburu zati, eta beste 1.500 artikulutik gora». Jakin ari da horiek digitalizatzeko lanean, eta espero dute urte amaierarako digitalizatuta eta eskura egotea. EiTBk Ugalderi egindako elkarrizketa bat ere utzi diete, erakusketan ikusgai egon dadin. Erakusketa Hondarribian egongo da uztailaren 4ra arte, eta urrian Andoainera eramango dute. Hilabetean Bastero kulturgunean egongo da ikusgai, eta, gero, Martin Ugalde kultur parkean jarriko dute behin betiko. Gainera, udan Donostian ikusteko aukera ere egon litekeela esan du Larrartek.
«Arrasto handia»
Ugaldek Hondarribian utzi zuen arrastoa «handia eta era askotakoa» izan zela azpimarratu du Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk. Ugaldek herriarekiko izandako lotura nabarmendu du, hil aurreko azken 30 bat urtean bertan bizi izan baitzen. Erakusketa Ugalderen «alde asko» ezagutzeko baliagarria iruditzen zaio, eta hori askoren arteko «elkarlanaren bidez» egin izana goretsi du. Unai Ugaldek eskerrak eman dizkie erakunde guztiei «egindako esfortzuagatik», eta egitasmo guztiagatik «hunkituta» daudela esan du.