Aralar-en XII. biltzarra

Zabaleta: "Konbentzituak gaude ibilbide politikoari amaiera emateko unea dela"

Aralarrek abenduaren 2an egingo du alderdiaren desegiteari buruz erabakitzeko kongresua, eta militanteek azaroaren 17ra arteko epea izango dute ekarpenak egiteko

Patxi Zabaletaeta Rebeka Ubera, kongresua aurkezten. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko irailaren 18a
08:03
Entzun

Abenduaren 2an Iruñeko Baluarten egingo du Aralarrek bere zazpigarren eta azken kongresua. Gaur goizean, Patxi Zabaleta presidenteak eta Rebeka Ubera idazkari nagusiak kongresu horri begirako egutegia eta txostenaren eduki nagusia aurreratu dituzte. BERRIAk iragan astean aurreratu bezala, alderdia desegitea proposatu du zuzendaritzak.

Batzar garrantzitsu horren aurretik, militantziaren iritziak bilduko dituzte. Urriaren 13rako afiliatuek dokumentazio guztia jasoko dute. Etorkizunaren erronka du izenburu txostenak, eta haren edukia laburbildu dute gaur Uberak eta Zabaletak. Militanteek azaroaren 17ra arteko epea izango dute euren ekarpenak alderdiari helarazteko.

Hamabost urteko ibilbideari amaiera emango dio alderdiak kongresu horretan. Hiru zati izango ditu: lehenik, 2014ko azaroan egindako VI. kongresutik gaurdainoko garaia aztertu eta haren kontu emango du zuzendaritzak. Bigarrenik, txostenean proposatu bezala, alderdia desegitea aztertu eta bozkatuko dute. Behin hori erabakita, festa egingo du alderdiak, eta bere militanteak omenduko ditu.

Desegitearen arrazoiak

Zabaletak asteburu honetan azaldu du alderdiak bere ekarpena egin duela egungo koiuntura politikora heltzeko. Gaur Zabaletak ildo beretik jo du, eta nabarmendu du duela hamabost urte Aralar sortzera eraman zuten lau arrazoi politikoak bete direla neurri batean: ezker zibil eta zabala, ETAren borroka armatua eteta, barne demokrazia militante bat boto bat eta lurraldetasunaren erabaki esparruak.  "Bake osoa ez da lortu; hortxe daude preso politikoak, eta ezker abertzale zibil zabalaren oinarriak ezarriak daude eta hori garatu eta sakondu behar da. Alderdi gisa egin dugu gure aportazioa, eta pozik gaude egindakoaz eta lorturikoaz. Atzera begiratuta, nork esango luke bere momentuan hiru helburu horiek lortuko zirenik…".

Aralar desegingo bada ere Zabaletak eta Uberak argi utzi dute ez doazela etxera. "EH Bilduko kideak gara, eta, kide izateaz gain, militatatzen jarraitzeko asmoa dugu". Etorkizuneko helburuen artean jarri dituzte amestutako Euskal Herria eraikitzea edo ezker abertzale zibil eta zabal demokratikoagoa erdiestea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.