Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramailearen arabera, Nafarroako Gobernuak (UPN) ez du legealdia bukatuko, "gauzak gero eta okerrago egiten ari baita" eta gutxiengoan dagoelako. Aitortu du oposizioak ez duela alternatiba eratua, baina esan du legealdi erdialdera Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak hauteskundeak aurreratuko dituela. Azkeneko bozak 2011ko maiatzean izan ziren.
NaBaiko eledunak dio UPN "gehiengoaren interesen kontra gobernatzen" ari dela. Hala, "parlamentuko gehiengoak zer esaten duen kontuan hartu beharko luke".
Oposizioak UPNri aurre egiteko, Zabaletak PSNri eskatu dio aukera dezala harekin edo NaBai, Bildu eta Ezkerrarekin aritu nahi duen. "PSNk oraindik barne eztabaida du eta, ondorioz, harekin gobernu programa bat egitea egun oso zaila da".
UPNk 19 parlamentari ditu parlamentuan, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPk 4, Ezkerrak 3. Zabaletaren arabera, Nafarroan "sentsibilitate politikoak aldatzen ari dira, agerikoa da hori".