Zabalgarbik 2008an ekingo die bigarren errauste plantaren tramiteei

Orain arteko balantzea «ezin hobea» dela dio enpresak, eta ekologistek «iluntasuna» salatu dute

inaki petxarroman
2007ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
2004an jarri zuten martxan Zabalgarbi, eta, orain, bigarren errauste planta egiteko asmoa dute enpresa kudeatzen dutenek. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek horren aldeko hautua egin dute Bizkaiko II. Hondakinen Planean, eta datorren urtean bertan hasiko dituzte horretarako lehen tramiteak; administrazio, finantza, ingurumen eta teknika alorrekoak, hain zuzen ere. Bigarren errauste planta egungo plantaren eta harrobiaren artean eraiki nahi dute, eta 130 bat milioi euroko aurrekontua izango du. Sustatzaileek 2011. urte amaieran edo 2012.aren hasieran amaitu nahi dituzte lanak, eta probak egiten hasi.

Modu horretan, Bizkaiko zaborren %65 errauste plantak kudeatzea nahi dute Bizkaiko agintariek. 2006an, esaterako, 220.000 tona zabor inguru erraustu zituzten Zabalgarbin,Bizkaiko zaborren %32 inguru. Bigarren errauste plantarekin, beraz, bikoiztu egin nahi dute modu horretan kudeatuko duten zabor kopurua.

Horretarako, Bilboko zaborrak jaso nahi lituzkete errauste plantan. Oraingoz, ordea, hiriburuak Artigasko zabortegia erabiltzen jarraitzeko asmoa berretsi du, Foru Aldundiak behin eta berriro eskatu dion arren zaborrak errauste plantara eramateko konpromisoa hartzeko. Bilboko herritarrek 143.000 tona zabor sortu zituzten 2006an.

Ekologistak kezkatuta daude Zabalgarbiren eta Bizkaiko agintarien asmoarekin. Josetxo Alvarez Ekologistak Martxan-eko Hondakinen Batzordeko ordezkariak dioenez, egitasmo horren atzean ikusten da agintariek azaltzen dituzten asmoak ez direla benetakoak. «Ez da egia diotena, alegia, saiatuko direla ahal den guztia birziklatzen eta berrerabiltzen. Eta Bizkaia horren adibide ezin hobea da, dagoeneko bigarren errauste planta egitera doazelako». Alvarezen esanetan, konposta da gakoa. «Gure herrian arazo izugarria dago higadurarekin, lurraldearen %25ean higadura larria baitago. Hori leuntzera bidera litekeen zabor organikoa errausten ari gara, ordea. Hala, alferrik galtzen ari gara lurrari primeran letorkiokeen humus hori».

Errauste plantaren aldeko hautua eginez agintariek «errazenaren» aldeko apustua egiten dutela uste du Alvarezek. «Esaten dizute euren apustua birziklatzea, berrerabiltzea, murriztea dela... Errauste planta azken aukera dela. Baina, gero, ustez azken aukera den hori hasieran jartzen dute».

Munduan badira hainbat adibide, Alvarezen esanetan, erakusteko errauste plantarik ez dela behar: Argentina, Australia, Irlanda... «Gure agintariei izugarri gustatzen zaie Irlanda aipatzea. Bada, han Zero Hondakin filosofia ari dira garatzen. Alegia, birziklatu eta berrerabili ezin dena ezin da ekoitzi. Gauza horiek arautu eta legez egin daitezke, baina lanean jartzea kosta egiten zaie. Sarritan lau urtera begira lan egiten dute, eta ikuspegi murritza dute».

Gainera, errauste plantaren azpian dagoen filosofia iruditzen zaio kezkagarriena Alvarezi: «Erraustea larria da kutsaduraren ikuspegitik, baina gehiago filosofiaren aldetik. Izan ere, herritar axolagabea sortzen baitu, ez duena ardurarik hartzen hari dagozkion gauzetan. Hara: zaborrak pribatuak dira, baina publikoak bilakatzen dira kalera atera orduko, eta, gainera, goizero-goizero, desagertu egiten dira. Gizarte honek horrelako gizaki ganorabakoak sortzen ditu».

Jon Artetxe LAB Ingurumeneko arduraduna ere kezkatuta agertu da Zabalgarbi bikoizteko proposamenarekin, eta enpresaren orain arteko funtzionamenduan «ezkutukeria» salatu du: «Hainbat aldiz izan dira matxurak errauste plantan, baina prentsaren bidez izan dugu haien berri. Gaiarekin interesa dugun elkarte eta sindikatuei ez digute informaziorik ematen».

2006an turbina bat matxuratu zen Zabalgarbin, eta aldatu behar izan zuten. Horren ondorioz, aurreikusitako energiaren erdia baino ez zuen sortu errauste plantak 2006an: 350 milioi kw/h. Artetxek gogoratu du Bilbok eta Alonsotegik -plantatik gertueneko udalerriek- 2005ean gainditu zituztela airearen kalitateari buruz Europak ezarritako kutsaduraren mugak. Urtebete lehenago ez ziren agertzen udalerri kutsatzaileen zerrendan. «Jakina, badakigu zirkulazioaren eragina handia dela horretan, baina zenbaterainoko eragina du errauste plantak? Ez dakigu. Izan ere, ez da neurririk hartzen jakiteko zer eragin duen errauste plantak».

Orain arte egin dituzten probei eta azaldu dituzten emaitzei buruz zalantza agertu du Artetxek: «Isuriak neurtzen dituztenean, iragazkiak garbi-garbi eta modu ezin hobean egon ohi dira. Baina, badakigu eguneroko martxan ez dela hala izaten».

Inguruko herritarren osasunean izan dezakeen eragina neurtzen ari ote diren ere zalantzan jarri du Artetxek, eta azterketa epidemiologikoaren emaitzarik ez eman izana salatu du.



«EZ DUGU ZER EZKUTATU» . Zabalgarbiko Komunikazio arduradun Fidel Bikandik ukatu egin ditu ekologistek egindako salaketak. «Askotan leporatzen digute iluntasuna edo gardentasun falta. Beste batzuek esan dute enpresak ez duela argindarrik sortzen. Iritziak botatzen dituzte, eta lasai geratzen dira, datuak frogatu edo kontrastatu gabe».

Izan ere, Bikandik uste du «alarma» sortu nahi dutela gizartean, baina helburu horrek ez diela nahi zuten emaitza eman. «Minbizia, ingurumen kalteak, iluntasuna, diru xahutzea... Hainbat hitz erabili zituzten, baina horrek ez zuen katastrofismoa eragin gizartean. Izan ere, Europako errealitateak gainditu baititu haien argudioak». Bikandik argi du errauste planta dela hiri hondakinei aurre egiteko bidea: «Balioztatze energetiko planta gero eta handiagoak egiten ari dira, eta ixten horrekin zerikusirik ez duten plantak, esaterako Bermeo (Bizkaia) eta Arrasatekoa (Gipuzkoa). Ingurumen aldetik aurreratuen dauden herrialdeak dira gehien birziklatzen dutenak, eta horiek beraiek dira haien hondakinak energetikoki balioztatzen dituztenak». Hondakinen murrizketa eta errauste planta «guztiz bateragarriak» dira, Zabalgarbiko ordezkariaren ustez.

Errauste plantaren aurka aritu direnen helburua «propaganda» zabaltzea zela uste du Zabalgarbik. Ildo horretan, gogoratu du enpresaren aurka auzitegietan jarritako helegite guztiak galdu dituztela Ezker Batuak, Ekologistak Martxan eta Urrirak 69 taldeek. Bikandik nabarmendu du talde horien aurreikuspenak ez direla bete, errauste plantaren isuriak legeak ezarritako mugaren azpian daudelako, eta ingurumen baldintza guztiak «betetzen» dituztelako. Ildo horretan, adierazi du EHUko Medikuntza Fakultatea azterketa epidemiologikoa egiten ari dela inguruko herritarren artean. Ikerketak bost urte iraungo du, eta lehen datuak Eusko Jaurlaritzari eman dizkiete jadanik, Bikandik dioenez. «Behin- behineko ondorioak baino ezin dira oraingoz atera. Baina erabili dituzten ereduen arabera, Zabalgarbik ez du arriskurik ez ingurumenean ez herritarren osasunean ere».

Errautsak Bizkaiko hondakindegi batera eramaten ari dira, oraingoz, baina baimena eskatu diote Eusko Jaurlaritzari herri lanetan erabili ahal izateko. Espainiako eta Herrialde Katalanetakoleku batzuetan hala erabiltzen ari direla esan du Bikandik. Zepak, sortzen diren hondakin toxiko arriskutsuak, Zallako zabortegi batera eramaten dituzte, aurretik iragazi eta toxikotasuna kentzeko tratamendu fisiko-kimiko batetik igaro eta gero.

Bikandik nabarmendu du Zabalgarbiko ateak beti egon direla irekita administrazio, erakunde, hedabide eta herritarrentzat. «Ez dugu zer ezkutatu».

BERRIA saiatu da Bizkaiko Foru Aldundiaren iritzia jasotzen gai honen inguruan, baina Zabalgarbira jotzeko eskatu dute.





############



Bizkaia ere, Gipuzkoara begira

Bizkaiko eragileek hainbat irakasgai aipatu dituzte, Gipuzkoan errauste plantari buruz dagoen eztabaidari ekarpena egiteko.
I. Petxarroman

Errauste planta egin edo ez eztabaida pil-pilean dago Gipuzkoan. Bizkaitik interes handiz jarraitzen dute ondoko herrialdean egiten ari den eztabaida. Josetxo Alvarez Ekologistak Martxan-eko ordezkariaren hitzetan, Bizkaiko agintariek «asmatu» egin zuten kokapenarekin. Izan ere, hasieran Erandion egitekoak baziren ere, han errauste plantaren aurkako mugimendua indartu, eta leku ezkutu batera eraman zuten, Bilbo eta Alonsotegi arteko bazterrera. Han eraiki zuten. «Nahiko urrun geratzen da, eta ez da ondo ikusten. Gainera, ondoan kokea egiteko planta dago, eta ke handia sortzen du. Horren ondoan dagoen edozer gauzak txikikeria bat ematen du ».

Hala ere, adi egoteko eskatu die Alvarezek Gipuzkoako herritarrei, Bizkaian errauste planta egin zutenean bezalaxe dagoelako Gipuzkoa orain. «Ezkerraldeko zabortegiak bete-beteak zeuden, eta ez zegoen beste alternatibarik. Gipuzkoan ere ez dago alternatiba handirik, konpostaren aldetik, esaterako. Eta zaborrak, izan, badira».

Ekologistaren arabera, heziketaren bidez, aukera dago murrizteko erdiraino herritar bakoitzak sortzen duen zabor kopurua. «Beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, eta udalek ere bat egin behar dute. Horrekin, zaborraren arazoa konpondu ez ezik, beste herritar mota bat sortuko genuke: kontzientea, aztertzailea, irteerak bilatzen dituena».

Jon Artetxe LABeko Ingurumen arduradunak ondoko irakasgaia ikasteko eskatu die Gipuzkoan errauste plantaren aurka lanean ari direnei: «Ez dute etsi behar, eta muturreraino eraman behar dute errauste plantaren aurkako borroka».

Fidel Bikandi Zabalgarbiko ordezkariak dio herritarrek erabaki behar dutela zer tratamendu eman zaborrei. «Baina, hemen garai batean gertatu zen antzera, Gipuzkoan ere katastrofismo eta alarma handia sortu da. Gu energia sortzen ari gara, eta ingurumen baldintza guztiak betetzen ditugu. Lurra, ura eta airea kontrolatzen digute, eta datuak beti izan dira positiboak. Hemen errealitatea erakusten ari da batzuek sortu zuten alarma alferrikakoa zela».





############



«Ez da egia diotena: alegia, saiatuko direla ahal den gehiena birziklatzen. Bizkaia horren adibidea da»

Josetxo Alvarez
ekologistak martxan-eko kidea



############



«Ateak beti irekita izaten ditugu erakunde, hedabide eta herritarrentzat;ez dugu zer ezkutatu»

fidel bikandi
zabalgarbiko komunikazio arduraduna



############



«Isuriak neurtzean iragazkiak garbi egoten dira, baina eguneroko martxan ez da hala izaten»

jon artetxe
lab ingurumeneko arduraduna



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.