HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSTE PLANTAK. BIZKAIA

Zabalgarbiko errauste planta laster hasiko da lanean

2004ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaian ere pil-pilean da errauste planten auzia, 1997tik batez ere. Bizkaiko Foru Aldundiak 1997tik 2001era bitarteko plana izan du, eta bertan ondoko printzipio estrategikoak osatu nahi izan ziren: prebentzioa eta balioztatzea bultzatzea, eta isurketa gutxitzea. Planak honako hau zioen hitzez hitz: «Bilboko metropoliari dagokionez, ekipamendu metropolitarreko eremu handi bat sortu beharko litzateke hiri hondakinak kudeatzeko, Bilboko lurretan, Artigas-Arraiz aldean. Leku zabal horrek planean jasotako ondoko azpiegiturak bilduko ditu: Artigasko zabortegia, finkatua eta zabortegiei buruzko Europako zuzentarau berriaren betekizunak betetzen dituena; ontzi hondakinak bereizi eta sailkatzeko zentro bat; konpostajerako planta bat, Artigasko eraikin berri batean; errauste planta bat, energia berreskuratzeko moduarekin, eta eraikin berri batean, Arraiz-Coto Minero Primitiva aldean; eta eraikuntzako hondarren eta eraikuntza berrietako eraispen hondakinak birziklatzeko planta bat, Arraiz-Coto Minero Primitiva aldean».

Ekologistak Martxan taldeak salatu zuenez, ordea, bost urte horietan ez zen aurreikusitako ia ezer egin, errauste planta eraikitzea izan ezik: «1997-2001 tarteko aurrekontuaren %87 errauste planta martxan jartzeko izan zen».

Zabalgarbiko errauste planta laster hasiko da lanean, egin beharreko probak amaitu eta gero. Urtero 225.000 tona hondakin erretzeko ahalmena izango du. Asmoa da gaur egun Artigasko zabortegira botatzen dituzten ehundik gora herritako zaborra bertan erraustea. Guztiak ez, bilbotarren etxeetako hondakinak (150.000 tona batu ziren iaz) zabortegira botatzen segituko dute eta. Urtero 42 eta 48 milioi euro arteko irabaziak izango ditu, elektrizitatearen merkatuko prezioaren arabera. Bizkaiko Diputazioa 2016. urte bitarte jarraitu beharreko estrategiak zehazten dituen plana ari da lantzen une honetan. Udazkenean aurkeztuko du plan berria. 2016. urte bitartean zaborra ugaritu egingo dela aurreikusten du, nahiz eta ez den zehazten oraingoz hondakin kopurua. Iaz, esaterako, Bizkaian 725.767 tona hondakin sortu ziren: etxeko hondakinak 467.774 tona izan ziren, eta hondakin industrialak, berriz, 257.993 tona. Diputazioaren hurrengo 12 urteetarako helburua birziklatze tasa bikoiztea da (%34,7tik %66ra); gainontzekoa, %33, erre egingo da. Diputazioak halakorik baieztatu ez duen arren, Ekologistak Martxan taldeak etorkizunean errauste planta handitzeko «arriskua» dagoela adierazi du, Bilboko hondakinak bertan erre ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.