Auto baten matxura mekanikoak sua eragin zuen Bilboko Zabalguneko lurpeko aparkalekuan herenegun, eta Abaunzak gaur jakinarazi du aparkalekua berritzeko asmoa. Zinegotziak azaldu duenez, sutea gertatu gabe ere aparkalekua berritzeko asmoa zuen udalak Gabonen ostean.
"Berritzeko asmoa genuen aparkaleku batean gertatu da sutea; zorte hori izan dugu nolabait, lanak egiteko proiektua eta dirua prest baititugu", esan du Abaunzak. Haren hitzetan, berritze lanak aparkalekua irekita zegoela egin behar zituzten, baina sutea dela-eta, itxi egingo dute. Hortaz, lanek bost eta sei hilabete artean irautea espero zuen udalak, baina orain uste du bizpahiru hiletan amaituko dituztela.
Abaunzak nabarmendu du aparkalekuak segurtasun neurriak eta larrialdiak saihesteko arauak betetzen dituela. Areago, azaldu du langileek iragan astean izan zutela segurtasun neurriei buruzko ikastaro bat. Ertzaintza ikertzen ari da zer dela-eta piztu zen sua.