Arabako Zaballa eta Langraitzeko kartzelen "konfinamendu egoera latzari" buruzko txostena aurkeztu du gaur goizean Salhaketa elkarteak. "Zaballan modulu batzuk gainezka daude, eta beste modulu batzuk hutsik", azaldu dio BERRIAri Salhaketako kide Gixane Moraguesek. "Intimitate eza, kolore gabeziak sortutako zentzumen-gabetzea, aterik gabeko komunak ikus-kontrola errazteko eta tratu inpertsonala" ageri dira Zaballako gabezien artean.
Zaballa espetxeko lau preso hil dira iazko maiatzetik: bi presoren heriotza espetxean bertan, eta beste bi erreferentziako ospitalera eraman ostean. Moraguesek azaldu duenez, preso horiek zergatik hil diren ez da argitu eta erakundeek ez dituzte arrazoiak ikertu. Iazko maiatzaren 25ean hil zen presoaren kasuan zein aurten otsailaren 24an hil ziren presoarenean, ez zuten autopsiarik egin. "Heriotza hauen inguruko ezkutatze-politika nabarmendu behar dugu". Hildako presoak gazteak zirela eta gaixotasun larririk ez zituztela nabarmendu du Salhaketak.
Emakume presoen egoera larria dela esan du Salhaketako kideak. "Emakumeei zuzendutako ziegak erizaindegian, gizonek betetzen dituzte. Beraz, emakumeak isolamendu ziegetan daude, ezkutuko lehen graduko egoera batean". Kirola egiteko aukera soilik astean behin dutela salatu du Moraguesek: "Gainera, higienerako oinarrizko osagaiak ez zaizkie eskaintzen, adibidez, konpresak".
Langraitzeko espetxe zaharra hirugarren gradua lortu duten presoentzat erabiltzen dute. Baimenak dituztenek kartzela horretatik gertu garraio publikoa erabili dezakete. "Zaballako espetxera garraio publikoz iristea, berriz, askoz zailagoa da". Dena den, Langraitzeko presoak «baztertuak eta abandonatuak» daudela salatu du elkarteak, «zerbitzurik gabe».
Gaur aurkeztu duten txostena "ahalik eta gehien" zabaltzen saiatuko da Salhaketa datozen egunetan.