Txus Martin askatzeko eskaera hura giltzapean den Zaballako espetxeraino sartu zen atzo. Herrira mugimenduak 3.000 atxikipenez osaturiko agiri bat eraman zuen kartzelara, Basauriko presoa libre utz dezatela eskatzeko.
Gaixo dauden presoen egoerari buruz informazioa emateko herriz herri dabilen furgoia eguerdian iritsi zen Zaballara (Iruña Oka, Araba). Zenbait pertsonak eraman zituzten sinadurak, Osakidetzako mantalak jantzita, hainbat kutxatan. Espetxearen sarrerara jo baino lehen, Manu Ugartemendia plataformako ordezkariak azpimarratu zuen mobilizazioak aldaraziko duela presoen egoera: «Mobilizazioak ekarriko ditu Txus eta beste preso guztiak etxera».
Zenbait adierazpen egin ondoren, kartzelako sarrera nagusira joan ziren Herrira-ko kideak, eta zuzendariarekin biltzeko eskatu zuten, sinadurak eskura emateko asmoz. Hainbat minutuz zain egon ondoren, segurtasunaz arduratzen diren ertzainek sarrerako eraikineraino pasatzea baimendu zieten. Barruan ere ordubete pasatxo egin zuten, eta ez zuten lortu zuzendariarekin egotea, baina, azkenean, lortu zuten espetxeko funtzionarioek sinadurak jasotzea.
Martin 2002ko urtarrilean atxilotu zuten, Bordelen (Frantzia). Bost urte bakarturik igaro zituen, kartzelan. Tarte horretan, sintoma psikotiko ugari izan zituen, eta, 2010eko irailean, bere burua zauritu zuen. Presoari nahasmendu psikoafektiboa diagnostikatu zioten. Espainiaratu zutenean, Madrilen egon zen lehenbizi, eta gero Basaurira eraman zuten. Gaur egun, Araban dute.
Herrira-k salatu duenez, Espainiako espetxeetan ez du behar bezalako osasun arretarik jaso, eta aske uzteko eskatu du, tratu egokia bermatu ahal izateko. Espetxean jarraitzeak Martinen «giza eskubiderik oinarrizkoenak» urratzen dituela uste du mugimenduak. Otsailean, Auzitegi Nazionalak behin-behineko askatasuna ukatu zion presoari.
Hurrengo ekintzak, Bilbon
Zaballako ekintza ez da izangoMartinen alde antolatuta dagoen azkena. Bi aste barru, hainbat ekintza egingo dira. Martxoaren 24an, egun osoko elkarretaratzea egingo dute Bilboko plaza eliptikoan, eguerdian hasita. Hurrengo egunean, kontzentrazioa amaitu bezain pronto, plazatik manifestazio bat abiatuko da. Era berean, sakabanatuta dauden Nafarroako presoen egoera salatuko dute Iruñean, martxoaren 31n.
Zaballako espetxearen barruraino sartu dute Txus Martin askatzeko aldarria
Presoa libre uzteko eskatzen duten 3.000 sinadura eman dizkie Herrira mugimenduak espetxeko arduradunei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu