Zaballan preso bat hil da, kartzelako lehena

Heriotza salatu eta neurriak eskatzeko, elkarretaratzea egingo du astelehenean Salhaketak, Gasteizen

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Preso bat agertu da hilda Zaballako espetxean ( Iruña Oka, Araba), Salhaketak jakinarazi duenez. Arabako espetxe berria ireki zutenetik hilda agertu den lehen presoa da. Igandean aurkitu zuten haren gorpua, ziegan. 30 urteko gizonezkoa zen, eta gipuzkoarra. Aurten Hego Euskal Herriko espetxeetan hilda agertu den bigarren presoa da. Heriotza salatzeko, elkarretaratzea egingo du astelehenean Salhaketak. 12:00etan egingo dute protesta, Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean.

Iazko abenduan hasi zen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusia presoak Zaballako espetxera eramaten. Presoen eskubideen aldeko taldeek eta sindikatuek kezka azaldu zuten presoen egoeragatik. Salhaketak hilabeteak daramatza kartzela horretan dauden presoen pilaketa salatzen. Espetxeak 11 modulu ditu, baina lau itxita dauzkate. Presoen pilaketaz gain, funtzionarioen falta ere kritikatu du Salhaketak. «Isilean lehen gradua ezarri dute. Moduluak bakartze espetxe txikiak dira, eta presoak apenas ateratzen diren handik», jakinarazi zuen duela hilabete Cesar Manzanosek, elkarte horretako bozeramaileak. Emakumeen moduluen egoera txarraz ere ohartarazi zuen.

Igandean hilik agertutako presoaren heriotzaren inguruan argibideak eskatu ditu Salhaketak. «Espetxe zuzendaritzari eta Osakidetzari eskatzen diegu azalpenak emateko. Izan ere, badirudi kezkatuago daudela heriotza hori ezkutatzen, presoen bizitzarako eta osasunerako eskubidea bermatzen baino». Epaile eta fiskalei galdegin diete gertatutakoa ikertzea. «Ezin dira inhibitu halako heriotzen inguruan».

Espetxe politika aldatzeko beharra defendatu du Salhaketak. Besteak beste, ondorengo neurriak eskatu ditu: oso gaixo dauden presoak askatzeko, espetxeetan presoak ez pilatzeko eta bakartzea nahiz inkomunikazioa kentzeko.

Aurreko heriotza, Basaurin

Aurten Hego Euskal Herriko espetxeetan hildako bigarren presoa da Zaballakoa. Martxoaren 14an beste preso bat aurkitu zuten hilda Basauriko espetxean (Bizkaia). 40 urte inguru zituen, eta emakumezkoa zen. Bederatzi urte zeramatzan espetxean. Gutxi falta zitzaion zigorra betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.