Gipuzkoako Aldundiak egindako azken ikerketaren arabera, zabortegietara eramaten diren hondakinen %81 birziklagarriak dira: %54 organikoa da, %8,5 papera eta kartoia, % 5 beira, %13 ontzi arinak eta %0,5 egurra. Oraindik aldundiak ez du txostena amaitu, baina jada atera ditu ondorio nagusiak.
Azterketak errefusa hartu du kontuan; hau da, zabortegietara eramaten diren hondakinak. Ez dira horretan sartzen, beraz, gaika bildutako beira, papera eta kartoia, ontzi arinak, organikoa eta abarrak. Guztira, hamabi tona hondakin aztertu dituzte, Gipuzkoako hiru bilketa sistemetan: atez atekoa, bosgarren edukiontzia duena eta lau edukiontzi dituena.
"Birziklatu egin daiteke, eta birziklatu egin behar da; besteak beste, horixe dioelako Europako Batasunak", esan du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Haren arabera, "aurrerapauso handiak" ematen ari dira Gipuzkoan hondakinak modu arduratsuan kudeatzeko, baina oraindik hobetzekorik badutela uste du: "Milaka eta milaka tona hondakin birziklagarri botatzen ari gara zabortegietara, eta hondakin horiek balioa dute".
Emaitza horiek ikusita, errauste plantarik ez dela behar nabarmendu du Errazkinek: "Gipuzkoak ez du errauste plantarik behar. Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioak argi eta garbi esan duenez, 2020rako ezin izango da erraustu birziklagarria den ezer".