Espainiako Gobernuaren guraizeak gizarteko esparru gehientsuenetan egiten ari dira murrizketak, eta egitasmo ugari airean utzi ditu. Horietako bat da Donostian egitekoak diren CNIE Zahartzaroa Ikertzeko Espainiako Zentroa. Aurtengo aurrekontuetan PPren gobernuak ez dio diru sailik gorde proiektu horri, eta zalantzak daude haren etorkizunaren inguruan.
Dirurik gabe, zentroa aurrera ateratzearen alde egin zuen ostiralean Espainiako Ekonomia Ministerioak, baina egitasmoan iragarritakoa baino zentro txikiagoa eraikita. Bezperan, Donostiako PPko buru Ramon Gomezek adierazi zuen gerta daitekeela egoera ekonomikoa dela-eta proiektua atzerapenarekin egitea, ziur aski ez dutela, espero bezala, 2015erako egingo, baina ziur azaldu zen proiektuaren etorkizunaz. Areago, nabarmendu zuen proiektua Donostiako Miramongo parkean egingo dela.
Izan ere, egitasmoa Gasteizen egiteko interesa azaldu zuen joan den astean Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek. Lurralde horretako PPren asmoak ukatu zituen Gomezek, baina nahi hori berretsi zuen atzo De Andresek. Azaldu zuenez, zentroa Gasteizen egiteko interesa adierazi die jada Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Arabaren hautagaitza defendatu zuen De Andresek, argudiatuta Gasteizen jadanik badaudela unibertsitateko erietxe bat, medikuntzaren arloko ikerketa zentroak eta zentroaren egoitza izan daitezkeen hainbat eraikin.
Edonola ere, dirurik gabe zentroaren kokapenaz hitz egitea «eztabaida antzua» dela esan zuen De Andresek iragan astean. BERRIAk galdetuta, «eztabaida antzuetan» ez nahasteko asmoa azaldu zuen atzo Gasteizko Udalak; zentroa egiteko dirua balego, ordea, udala prest legoke Donostiarekin lehiatu eta zentroa Arabako hiriburuan ezartzeko.
Egitasmoa bere horretan mantentzearen alde lan egingo duela ziurtatu du Donostiako udal gobernuak. Josu Ruiz garapen ekonomikoko zinegotziak gogora ekarri du Donostiako Udalak 14.000 metro koadroko lur eremua eman ziola Miramon Teknologia Parkeari, bertan proiektua errealitate bihurtzeko. Jaurlaritzak eta aurreko Espainiako Gobernuak —PSOEren esku— iazko uztailean hitzartu zuten zentroa Donostian ezartzea, eta orduan adostutakoa nola bizkortu aztertzen ari da udal gobernua.
Ruizek jakinarazi du Donostiako Udala ez dela Gasteizkoarekin harremanetan jarri kokapenaren inguruko eztabaidaz hitz egiteko, baina zentroa ezartzeko leku onena Donostia dela defendatu du. Gainera, nabarmendu du egitasmoa ez dela soilik udal gobernuaren apustua; alderdi guztien akordioa beharrezkoa dela. Bestalde, Espainiako Kongresuan emendakin ugari aurkeztuko ditu datorren astean Odon Elorza PSOEko parlamentariak. CNIEren finantzaketa «desblokeatzeko» eskatuko dio PPren gobernuari.
Arloko eragileak, zain
Egoera argitu zain daude adinekoen zaintzan eta zahartzaroaren ikerkuntzan diharduten hainbat erakunde. Matia Fundazioaren iritziz, proiektua etetea berri txarra da. Zahartzaroko Berrikuntzako Guneko koordinatzailea da Javier Yanguas, eta, haren esanetan, egitasmoa ez egitea kaltegarria izango litzateke ikerkuntza arlo horretan lanean dabiltzan enpresentzat, baina baita gizartearentzat ere.
Zentro ugarik osatu dute Zahartzaroko Berrikuntza Gunea, eta CNIErekin proiektu bateratu bat egitea zuten helburu. Yanguasen arabera, guneak bere proiektuetan lan egiten jarraituko du, CNIE egin ala ez. Egoera ekonomikoaz jabetzen dela adierazi du, eta, beraz, ez dela zertan beste egoitza bat eraiki: «Oinarrizko azpiegiturak dituen eraikin bat egiten ari gara, eta hori erabiltzea eskaini diegu Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta, azken baten, gizarte osoari». Eraikina egiteko dirurik ez izatea ez du trabatzat ikusten Yanguasek, eta helburu bat finkatu du: «Euskal Herrian adinekoen inguruko proiektu bat gauzatzea».
Egoitza Donostian ezartzearen alde egin du Yanguasek: «Proiektua Gipuzkoan datza, herrialde horrek historia eta lotura baitauka adinekoen ikerkuntzarekin eta zentroak Donostian baitaude».
Zahartzaroa ere guraizepean
Zalantzak dira nagusi zahartzaroa ikertzeko gunearen inguruan; Espainiak ez du dirurik eman aurten proiektua egiteko, eta egoitza Donostian ezartzekoak badira ere, zentroa Gasteizen nahi du De Andresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu