Gertakaria

Zaindari bat hil da Gipuzkoako Foru Ogasunaren egoitzan nahita piztutako sutean

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eta Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusiaren arabera, Gipuzkoako Foru Ogasunaren egoitzako sutea nahita piztu zuten. Herrizango Sailetik azaldu dute sei lekutan sortu zirela garrak; Gonzalez Txabarrik, erantsi du alarmak desaktibatuak eta segurtasun kamerak manipulatuak izan direla. Arratsaldean Gonzalez Txabarrik baieztatu egin du sutean hildako segurtasun langilea, desagertuta dagoen langilearen nagusia zela. Segurtasun enpresak esan du, bi horien harremana ez zela ona, ordutegiak tarteko. Falta den langilea bilatu eta atxilotzeko agindua eman dute.

2005eko ekainaren 13a
19:31
Entzun
BERRIAk gertakarien lekuan duen kazetariak goizeko hamar eta erdietan edizio digitalari jakinarazi dionez, kanpotik ikusita behintzat sutea oso indartsu dagoela ematen du; laugarren pisutik gora eraikina garretan dagoela nabarmendu du: "Hau ikusita burura etortzen den irudia Irailaren 11ko Dorre Bikiena da", zehaztu du. Sua indartu dela-eta atzerago joateko agindu diete ertzainek eta suhiltzaileek, leherketaren bat gerta daitekeelakoan.

Nolanahi ere, hamabietarako kontrolatuta zuten berriro sua. Sutearen indartze hori ere nahita probokatutakoa dela uste dute agintariek, eta litekeena dela, atzo gauean sutea piztu zutenek tenporizadore bat ezarri izana.

Atzo gaueko 22:50 aldera piztu zen sua, Foru Ogasunaren egoitzako sotoetan. Hamaika pisu ditu eraikinak, eta garrak sei lekutan sortu ziren, horietako lau lurpeko egoitzetan (lau pisu lur azpian ditu eraikinak), eta beste bi gainerako solairuetan.

Alarmak desaktibatuta, segurtasun kamerak manipulatuta, eta zaintzailearen gorpua segurtasun kameren gela ondoko aldagelan

Ertzaintzak hilotz bat topatu du eraikinean, hain zuen ere, Sabico enpresako bi zaintzaileetako batena. Bestea desagertuta dago. Mediku forentsearen baieztapena falta dela esan badu ere, hildakoa Florencio Parra dela aurreratu du Gonzalez Txabarrik, arratsaldean eman duen prentsaurrekoan. Bigarren zaindari bat falta da, eta bilatu eta atxilotzeko agindua eman du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Gonzalez Txabarrik bere kabuz poliziarengana aurkezteko eskatu dio.

Hildakoa igande goizeko zazpietatik arratsaldeko hiruretara lanean egon zena dela, baieztatu du Gonzalez Txabarrik, hain zuzen ere, desagertuta dagoen langilearen nagusia. Biek ez zutela harreman ona ere azaldu du bi langileen enpresak. Txabarrik jakinarazi duenez, hildakoaren motorra eta zaindariek txanda aldaketarekin elkarri ematen dioten pistola ere falta dira.

Nahita piztutako sua

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, sua nahita piztu zuen norbaitek edo norbaitzuek. Izan ere, garrak puntu baten baino gehiagotan hasi direla zehaztu dute, eta, gainera, eraikineko zenbait bulego "nahastuta" zeudela.

Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusiak baieztatu egin du hipotesi hori; areago, norbaitek alarmak desaktibatu eta segurtasun kamerak manipulatu zituela zehaztu du goizeko hamaiketan prentsaren aurrean egin duen agerraldian. Gainera 300 ordenagailuren pantailak eta garageetan zeuden auto ofizialen kristalak hautsi dituztela ere jakinarazi du. Txikizioa sua piztu aurretik egina dela diote. Halaber, hilda aurkitutako zaindariaren gorpua segurtasun kamerak kontrolatzeko bulegoaren alboko aldagelan zegoela jakinarazi du.

Ertzaintzak hesituta dauka eraikin guztia. Gainera, goizean zehar sutea kontrolatuta zegoela zabaldu den arren, goizeko hamarrak geroztik indartu egin dira berriro garrak.

Lasaitasunerako deia

Herritarrei lasai egoteko deia egin die Gipuzkoako Ahaldun nagusiak, arratsaldeko prentsaurrekoan, han zeuden datu guztiak informatikoki gordeta daudelako ez baitira galdu. Bestalde, egoitza horretan errenta aitorpena egitekoak zirenek beste egoitza batean ordua hartu beharko dutela abisu eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.