"Arreta maila eta lurralde historiko guztietan" hedatu nahi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zainketa aringarriak sustatzeko plan berria. Pazienteek eta haien familiek une horietan behar duten arreta "garatzea eta sakontzea" da asmoa, sei helburu nagusiren inguruan ardaztuta. Besteak beste, arretaren kalitatea hobetu nahi dute, eskuragarriagoa izatea, eta profesionalen prestakuntzan aparteko ahalegina egitea. "Ikuspuntu etiko batetik abiatuta, ekitatearen aldeko konpromisoa da, eta baita pertsonen duintasunaren aldeko konpromisoa ere", adierazi du Osasun sailburu Jon Darponek gaur goizean plana aurkezteko egin duten agerraldian.
Planaren xedea da pazienteek etxean, egoitza batean edo ospitale batean daudela ere zainketa aringarri egokiak jasotzea. Horretarako, garrantzitsua izango da osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa; betiere, bermatu beharko da arreta jaso behar dutenek bermatua izatea asteko egun guztietan, gau eta egun. Erietxeetara begira, hainbat neurri hartuko dira; 200 ohetik gorako ospitaleek, esaterako, zainketa aringarrietarako berariazko lantaldeak izango dituzte.