Zaintza partekatua

Zaintza partekatuaren lege proposamenaren puntu nagusiak

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 24a
10:25
Entzun

Noiz erabakiko da zaintza partekatua ezartzea? Nola erabakiko da? Bi galdera horien erantzuna, eta etxebizitzarekin eta ordainketekin nola jokatu zehaztuko du lege berriak. Hauek dira puntu nagusiak:

ZAINTZA PARTEKATUA, NOIZ?

Proiektuaren gakoa da: bikoteak banatzean, zein kasutan ezarri zaintza partekatua? Kidetzaren nahia argia zen: «Lehentasunez, zaintza partekatua ezarriko du epaileak, haurren interesagatik».

Ez da hala izango. «Lehentasunezkoa» ez da izango zaintza partekatua. Epaileak erabakiko luke ezarri edo ez, baldintza batzuen arabera. Hauek: gurasoek aurrez seme-alabekin izandako «jarduna» eta «jarrera», haiekiko daukaten «lotura», umeen kopurua eta adina, haien iritzia —«nahiko zentzu» badaukate edo 12 urte baino gehiagokoak badira—... Kidetzak zehaztuak baino baldintza gehiago dira. Bat bada nabarmentzekoa: «Gurasoek zenbat bete dituzten seme-alabekiko betebeharrak». Baldintza horrekin, keinua egin diote banatu aurretik ere aita-amek izan beharreko ardurari. Zaintza partekatua ezin dela hasi bikotea banatu denean.

Sistema hori ezartzeko, gurasoetako batek propio eskatu beharko dio epaileari, eta ezarri ahalko dute nahiz eta bestea aurka egon.

Aldaketa nabarmena dago, beraz, hasierako testutik oraingora. Hau da oraingo planteamendua: «Epaileak, aldeetako batek eskatzen dionean, zaintza partekatua ezarriko du, betiere ez bada kaltegarri adingabeen interesarentzat, eta inguruabar batzuei kasu eginda». Ikuspegi aldaketa da. Aurreko testuarekin, eredu partekatua zen araua, eta besteak, salbuespenak; oraingoarekin, umeen interesen araberakoa da partekatua.

Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidea hartuko dute: esana du umeen interesa izan behar dela kontuan. Are, esana du orokortu beharreko eredua dela, umeen interesaren arabera. Adostasunaren gaian dago kontraesana: gurasoak ados egotea eskatu du auzitegiak, bestela ezin delakoan umeen interesa ziurtatu. EAEko legeak ez du baldintza hori jarriko.

Planteamendu aldaketa horrek PSE-EE gerturatzea eragin du. Alderdiko ordezkariak zain daude azken proiektua ikusteko, botoa erabakitzeko. Baiezkoa izan daiteke. Sozialistek gogorarazi dute PSOEk ahalbidetu zuela zaintza partekatua ezartzea Espainiako legea aldatuta, eta sistema horretarantz jotzen ari direla epaileak.

EH Bildu ez dute konbentzitu. Aitortu du «aurrerapausoak» dituela Kidetzak aurkeztutako lege proiektuaren aldean, baina ez du nahikotzat jo. Bikote bakoitzaren araberakoa izan behar da erabakia, koalizioaren arabera. Bide horretatik, ez du egokitzat jo zaintza partekatua ezartzea gurasoetako bat ados ez dagoenean.

BISITEN BANAKETA, NOLA?

Zaintza partekatua ez ezarrita ere, umearekiko agintea bi gurasoek izango dute, non eta epaileak ez dion gurasoetako bati kentzen —salbuespeneko neurri gisa ageri da proiektuan—. Zaintzaren ardura ez daukan gurasoak eskubidea izango du seme-alabak bisitatzeko, haiekin harremana edukitzeko eta haiekin egoteko. Epaileak zehaztuko du. Salbuespenak badira: genero indarkeriagatik zigortutako pertsonek ez dute izango umeen zaintzarik, eta ez diete bisitak egiteko edo harremanetan jartzeko erregimenik ezarriko. Sententzia irmoa badute, betiere.

Epaileak, gainera, aintzat hartu beharko du, sententziarik egon ez arren, genero indarkeriari lotutako zantzurik badagoen. «Zantzu sendoak» ikusten baditu, muzin egin ahalko dio zaintza partekatua ezartzeari, eta bisitei ere bai.

Kidetzaren proiektua aldatu dute hor ere. Proposamena zen aski ez izatea epaileak genero indarkeriaren «zantzu arrazoizkoak» topatzea. «Umearen osotasuna» arriskuan dagoela frogatzeko txostenak ere behar lirateke zaintza edo bisitak ukatzeko, Kidetzaren testuaren arabera. Areago: salaketa bera nahiko arrazoi ez izatea proposatu zuen, eta genero indarkeriagatik zigortutako pertsonek zaintza eta bisitak izateari atea erabat ez ixtea, epailearen esku utziz erabaki hori. Parlamentuak atzera bota du atal hori.

ETXEBIZITZAREKIN, ZER?

Bikotea banatzen denean, bideratu beharreko auzi nagusietako bat da: zein geratuko da etxean? Zaintza guraso bakarraren esku dagoenean, ohikoa da hura geratzea bikotearen etxean. Hori ezarriko du lege berriak ere: zaintza nork daukan, etxean hark segituko du. Zaintza partekatuaren kasuarekin, ordea, zaildu egiten da hori bideratzea. Bi aukera jarriko dituzte legean: etxea biek txandaka baliatzea edo baliabide gutxien dituen gurasoak jarraitzea etxean.

Kidetzaren proposamena argia zen: bien izenean baldin badago, etxea likidatzea. Hori «arau» izatea proposatu zuen; alegia, etxea bietako batek erostea, besteari bere zatia ordainduz, edo beste pertsona bati saltzea etxea osorik, eta salmentako dirua banatzea. Ez da aurrera aterako eskari hori.

Etxea likidatzea kasu guztietan aipatu zuen Kidetzak, baita zaintza guraso bakarraren esku geratzean ere. Kasu horretan, epe bat jarri zuen: bi urtez segitu ahal izatea gurasoek eta umeek etxean, harik eta likidazioa egin arte. Eskari hori neurri batean hartu du kontuan legebiltzarrak. Gurasoetako batek etxea «beharragatik» badauka, zaintza partekatuaren kasuan adibidez, bi urtez jarraitu ahal izango luke etxean, «behin-behinean». Epea mugarik gabe luzatzeko aukera legoke, hala ere.

Bada kontuan hartzeko atal bat etxebizitzari dagokionez. Parlamentuan taxutzen ari diren legearen arabera, etxean bizitzen segitzen duen gurasoak alokairu gisako bat ordaindu beharko lioke bikotekide ohiari; «konpentsazio bat», etxea erabiltzeko eskubidea galdu duelako. Diru kopurua zehazteko, bi faktore hartuko dituzte: antzeko etxeen truke zenbateko alokairuak ordaintzen dituzten eta bi gurasoek zenbateko gaitasun ekonomikoa daukaten. Ez dute gehiago zehaztu zati hori.

ORDAINKETAK, NORK?

Epailearen eskumena izango da zehaztea seme-alaben beharretarako dirua nork eta nola jarri. Gurasoetako bakoitzak zenbat diru ipini behar duen zehazteko, hau hartu beharko du kontuan: haurren beharrak, guraso bakoitzaren ahalmen ekonomikoa, guraso bakoitzarekin zenbat denbora pasatzen duten umeek, etxea nork daukan, zein den umeen bizilekua... Ohiko diru kopuruaz gain, ezohiko gastuak sortzen direnerako aurreikuspena ere egin beharko du epaileak —umea dentistarenera eraman behar denerako, adibidez—: bakoitzak gastuaren zer portzentaje ordaindu.

Ordainketak egiten ez direnerako, funts bat sortuko du Jaurlaritzak, gastuak pagatzeko. Urtebeteko epea du funtsa eratzeko.

AKORDIORAKO AUKERARIK?

Adostasunik ez dagoen kasuetarako neurriak zehaztu arren, legeak aipamen berezia egiten die familia bitartekaritzako erakundeei —sei hilabeteko epean, zerbitzu horiek handitu beharko ditu Jaurlaritzak—. Bikoteak akordioa lortzen badu, epaileak kasu egingo dio, umeentzat kaltegarria edo legez kanpokoa ez bada. Bikoteek, banatzean, itun baterako proposamena egin beharko diote auzitegiari, bai aurretik ados jarrita, bai bakoitzak berea proposatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.