Herri ekimen legegile oso gutxik egin dute aurrera, eta, beraz, Eusko Legebiltzarrean zaintza partekatua arautzeko legea tramiterako onartzea "demokraziarentzat garrantzitsua" dela uste du Kidetzak, guraso bananduen elkarteak.
Legebiltzarrak onartu zuen lege proposamena, atzo, EAJ, PSE-EE, PP, Aralar, EA eta UPDren aldeko botoekin. EAJk abstentziora jo zuen, eta aurkako botoa eman zuen Ezker Anitzak.
Legebiltzarra hurrengo ikasturtean hasiko da lege ekimena eztabaidatzen, alderdien zuzenketekin. Legegitasmoa hustuta ez gelditzea espero duela esan du Kidetzak, eta eztabaidan presente egoteko eskaera egingo duela aurreratu du.
Ekimena "erreferentziazkoa" izango dela azaldu du elkarteak, gaur aurkeztu duen balorazioan, bai ekimen herritarrarengatik, bai legearen edukiengatik. Proposamen "integral eta aurrerakoia" dela azaldu dute. 51.000 herritarren sinadurak lortu zituen lege egitasmoak, legebiltzarrera iristeko.
Legebiltzarrak, baina, ez die ahotsik eman Kidetzako partaideei ekimena aurkezteko, eta hori ez du begi onez hartu elkarteak. "Logika demokratikoak" eta legebiltzarreko araudiak eskatzen zuten Kidetzako partaideek aurkeztu eta defenditzea ekimena, haien ustez.