Segurtasuna

Zaintzaile pribatuei eskumen gehiago emango dizkien legea onartu dute Espainiako Kongresuan

Segurtasun Pribatuaren Legearen alde egin dute PPk, CIUk eta EAJk. Kontra azaldu dira PSOE, IU, UPD eta talde mistoa.

urtzi urkizu
2014ko martxoaren 20a
18:23
Entzun

Espainiako Kongresuak Segurtasun Pribatuaren Legearen proiektua onartu du. Lege horrek eskumen gehiago emango dizkie enpresa pribatuetako zaintzaileei. "Segurtasun pribatuko 1.400 enpresen eta 80.000 zaintzaileen ahalmena aprobetxatu behar da", justifikatu du PPk. Muga batzuk izango dituzte zaintzaile pribatuek, baina lehen baino funtzio gehiago bete ahalko dituzte. Delitu bat egiten ari diren pertsonak atxilotu eta segurtasun indarrengana eraman ahalko dituzte, "haien zaintzarekin lotutako pertsonak edo objektuak tartean direnean". 

Onintza Enbeita Amaiur koalizioko diputatuak legearen arriskuez ohartarazi du: "Dantzalekuen sarrerako egur partitzaileak polizietara jolasten topatuko ditugu". Ildo berean mintzatu da ERCko Teresa Jorda: "Txapa bat duten faxistek zainduko dute ordena eta segurtasuna".

EAJk eta CIUk legearen alde bozkatu dute, baina PPrekin egindako negoziazio baten ostean. Izan ere, EAEk eta Kataluniak segurtasun pribatuen eta detektibe bulegoen kontrolaren eskumena izango dute. Jordi Jane CIUko diputatuak esan du legeak segurtasun pribatuaren eta publikoaren arteko "oreka" hautsiko duela. EAJko Emilio Olabarriak, berriz, honako hau adierazi du: "Proiektuak estatu polizial batera gerturatzen gaitu, modu arriskutsuan".

Eusko Legebiltzarrak, bestalde, Segurtasun Pribatuaren Legearen proiektua baztertu du. Mozio bat onartu du legebiltzarrak, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin. Eusko Legebiltzarrak uste du segurtasun politikek botere publikoen esku jarraitu behar dutela. Jaurlaritzari eskatu dio segurtasunaren izaera publikoa arlo guztietan defendatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.