Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Zalantzan daudenen bila

Hainbat inkestaren berri izan ostean, zalantzan dauden eserlekuen bila hasi dira alderdiak, boto bakoitzaren atzetikAbertzale eta ezkertiarren botoa ezin dela sakabanatu azpimarratu du Amaiurrek

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Boto bakoitzak kontatzen du. Bakoitzak du bere balioa. Ondo dakite hori politikariek, eta zalantzan daudenak konbentzitu nahian hasi dira guztiak, inkestek eserleku batzuk kolokan daudela erakutsi ostean. Boto gutxi batzuen gorabeheran eserlekua kolorez aldatu daiteke, begiratzen zaion inkestaren arabera. Benetan balio duen inkesta hauteskunde gauekoa dela esan dute politikariek behin baino gehiagotan, baina, argi dago norabidea markatzeko aintzat hartzen dituztela aurretik egindakoak ere. Kanpaina bigarren eta azken astean sartu denean, zalantzan daudenak konbentzitu nahian hasi dira politikariak, bakoitza bere erara.

Joseba Egibar EAJren GBBko buruak garbi esan zuen atzo Gipuzkoan bigarren diputatua lortzeko falta zaizkien 1.500 botoak lortzeko lan egingo dutela. «Bakoitzak boto bakarra dugu, eta argi izan behar dugu zein den horren indarra. 1.500 boto falta zaizkigu Madrilen Gipuzkoako bigarren diputatua izateko, eta geure burua sendotzeko. Horregatik, etxez etxe, kalez kale, joango gara boto horien guztien bila, Euskadi eta Gipuzkoaren alde lan egiten eta aurrera eramaten jarraitzeko».

Asteburuan kaleratutako inkesta guztiek seguru ematen diote diputatu bat EAJri Gipuzkoan. Noticias taldeak kaleratu duen inkestaren arabera, zalantzan dago bigarren ordezkaria, eta EAJrentzat ez bada, PSE-EErentzat izango da. Gara-k kaleratutako inkestaren arabera, berriz, diputatu hori ez da izango ez EAJrentzat, ez PSErentzat; Amaiurrentzat izango da. Egunkari horrek kaleratutako inkestaren arabera, PSEk boto gehiago lortuko ditu Gipuzkoan EAJk baino.

Boto baliagarriaren bila hasi da Amaiur ere, Nafarroan. Inkestek diputatu bat ematen diote koalizioari lurralde hartan. Inkesta horien arabera, Geroa Baik eta Ezkerrak ez dute ordezkaririk lortuko, eta Amaiur haien boto-emaileak erakarri nahian hasi da. «Ezkertiar, demokrata, subiranista eta abertzale sentitzen diren nafar guztiek Amaiurren daukate boto baliagarria», esan zuen atzo Sabino Cuadra zerrendaburuak, besteak beste, Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletarekin, ezker abertzaleko bozeramaile Txelui Morenorekin eta EAko lurralde ordezkari Maiorga Ramirezekin batera Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Abertzale eta ezkertiarren botoaren bila aritu zen Cuadra, nabarmen. «Eskuin atzerakoi eta espainolista» definitu zuen UPN-PP, eta hari aurre egiteko aukera bakartzat jo zuen Amaiur. Denek batera jotzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Nafarroako abertzale eta ezkertiarrek ezin dute onartu botoa sakabanatzeko luxua». Dudarik ez dute, jende horrek botoa eman beharreko zerrenda Amaiurrena da. «Amaiurren botoak bakarrik lor dezake egoera politiko berri bat abiatzea; lurralde honetan eskuinak azken 40 urtean izan duen hegemonia apurtzeko gai garen bakarrak gara». Amaiurren «jatorri askotariko» abertzale eta ezkertiarrak batu direla gogora ekarri, eta hau esan zuen Cuadrak: «Eskuina elkartu egin da, eta Amaiur gauza bera da: indar abertzale, ezkerreko eta subiranistek bat eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.