Ingalaterran ohartu dira auziaz, eta ondotik Frantziako Findus janari markaren enpresan atzeman dute: egina presta saltzen diren janari sukaldatuetako haragiak, idiki bezala saldua denak, zaldi haragia ere du. Errumaniako haragia, Herbeheretako saltzaile baten eskuetatik pasatu zen, eta ondotik Zipreko beste batenetatik, Spanghero hornitzailearen hozkailuetara iritsi arte. Castelnou d'Arriko Spanghero, berriz, Donapaleuko Lurberri kooperatibaren adarra da. Hortik joan zen janaria sukaldatzen duen Comigel enpresara, Frantziako agintariek egin inkestaren lehen datuen arabera.
Gaur arratsaldean Parisen krisi bilkura antolatua dute Frantziako laborantza, kontsumo eta agroelikadurako ministroen artean, idikia balitz bezala saldu den zaldi haragiaren auziaz hitz egiteko. The Guardian kazetaren arabera, Owen Paterson Ingurumen ministro britainiarrak erran du zaldi haragi horretan egin lehen azterketek erakusten dutela usaiaz kanpoko phenylbutazone tasa kopuru bat, osagarriarentzat kaltegarria litzatekeena.
Spanghero adarrari dagokionez, webgunean agiria jarri du, eta han azaldu du bere bezero den Tavolari saldu ziola, haragia hunki gabe. Egin analisiek osagarri arauak errespetatzen dituztela gaineratu du. Hornitzailea auzitan jartzekotan dela zehaztu ere du, jasan "kalteengatik".
Barthelemy Agerre da Spangheroko presidentea, bestalde Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi dena eta Lurberri kooperatibako presidenteorde. Hark erran du hezurrik gabeko haragia, hamar kiloka lotua, 800 kiloko paletetan iristen zaiela Spangherora, eta ezin dutela begiratu zehazki zer den hotzaren katea hautsi gabe. Hiltegiak eman ziurtagiriak dituela frogatzat azaldu dio Sud Ouest egunkariari.
Errumaniako Agoelikadura industriaren buruak, Dragos Frumosuk, ere hitz egin du auziari buruz: "Zaila egiten zait sinestea Errumaniako hiltegi batek saldu ahal izan duela zaldi haragia idiki etiketarekin". Bere iduriko, inportatzailea behartua da haragiaren kalitatea zaintzera.
Iragan astean Eroskik saldutako hanburgerrekin sortu zen eztabaida bera. Kontsumitzaile elkarteek jakinarazi zuten haragi zaldia atzeman zutela haietan. Guztiz gezurtatu du Eroskik.