Zaldibian eta Azkoitian telefono zerbitzurik gabe daude, lapurreta saioagatik

2007ko azaroaren 21a
14:09
Entzun
Bart ere telefono lineako haria lapurtzen saiatu dira Zaldibian (Gipuzkoa), Goierriko Hitza-ren webguneak jakinarazi duenez. Irailetik hona han gertatu den antzeko bosgarren gertaera izan da. Gaur lapurrek ez dute kablea tokitik eramatea lortu, Ertzaintza lapurreta tokira azkar azaldu delako, baina hariaren 120 metro moztu dituzte, linea moztuz.

Ertzainek hiru lagun identifikatu dituzte -errumaniarrak sortzez-, baina ez dituzte atxilotu, frogarik ezean.



Telefonicak esan du zerbitzua gaur egunean zehar jarriko duela berriro. Zerbitzurik gabe daude 300 bat herritar.

Azkoitian (Gipuzkoa) ere izan da lapurreta saiakera, goizeko lauretan. Telefono hariaren klabea moztu egin dute, baina haiek ere ezin izan dute eraman. Dena den, zerbitzurik gabe utzi dituzte 150 bat azkoitiar.

Ertzainek handik dozena bat kilometrora, Zumarragan (Gipuzkoa), bost pertsona identifikatu dituzte -errumaniarrak-, baina ez dituzte atzeman, frogarik ez zutelako.

Zumaian (Gipuzkoa) ere saiatu dira kablea lapurtzen; Oikia auzoan, hain zuzen, Urola Kostako Hitza-ren webak dioenez. Igandetik astelehenera bitarteko gauean egin zuten ahalegina.

Hala ere, atzotik telefono zerbitzurik gabe daude oikiarrak, baita auzoko hainbat enpresa ere. Une hauetan kableak lotzen ari dira Telefonicako langileak.

Argazkian, Urola Kostako Hitza-k bere webean jarritako bideoaren irudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.