Iragan ekainaren 1ean Espainiako Auzitegi Gorenak Zallobentako harrobiaren (Mañaria, Bizkaia) inguruan eman zuen epaiari atxikita, harrobi horretako jarduna lehenbailehen eten behar da. Hala jakinarazi du egitasmoaren kontra jardun duen Mañariako bizilagun taldeak. «Epai honen ondoren Canteras y Hormingones Zalloventa enpresak ez du inolako legezko babesik bere ustiaketa lanekin jarraitzeko», azaldu du. «Berehala ixteko agindu behar da. Epaia irmoa da, beraz, legez kanpokoa da haren jarduna».
Pozarren hartu dute Mañariako auzoek ebazpen judiziala. «Urte asko izan dira tamalez hain ezaguna den harrobi honen kontra; Urkiolako Natur Parkean parajeak hondatu dituelako da ezaguna, eta urteak egin ditugu auzoek ustiaketa hori handitzeko egitasmoaren aurka».
1975etik dago martxan harrobia, eta egungo ustiaketa plana 1998ko martxoan jarri zen abian. Ordutik hainbat epaik harrobiaren jarduna auzitan jarri badute ere, asko luzatu da epaitegietako borroka, eta, bitartean, harrobiak ez du bere jarduna eten. Horrenbeste urtean enpresaren kontra jardun beharrak gogoeta gazi-gozoa egitera ere eraman ditu auzoak. «Lau ebazpen judizial, hainbat lege egitasmo, bizilagunen aurkako postura irmoa eta, zergatik ez esan, beren aldetik diru xahutze nabarmena behar izan dira orain gauden lekura heltzeko», azaldu dute.
Kalte handiak
Enpresak epaitegietan erabili dituen «trikimailuak» ugariak izan direla salatu dute bizilagunek, eta horrek ekarri duela prozesua horrenbeste luzatzea. Horrek ekarri du, halaber, urteotan guztiotan enpresak bere jarduna ez etetea. «Eragindako kalteak ez du atzera bueltarik, bertako harkaitzetik 3 milioi tona harri erauzi dira, eta ingurua oso hondatuta laga dute. Erantzukizunak eska daitezke, eta eskatu egin beharko lirateke», nabarmendu dute.
Ixteko aginduaren zain
Epai hau, berez, harrobia kudeatzen duen enpresak C klaseko izendapena lortzeko egindako eskariaren inguruan etorri da. Izan ere, lehenagoko epai batean, eskari hori atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta, orain, Auzitegi Gorenak berretsi egin du ezezko hori. Aurretik, A klaseko baimena ere auzi bidez atzera botata zegoenez, enpresak jarduteko inolako aukerarik ez duela ohartarazi dute bizilagunek. «Ez dute beste ihesbiderik, Industria Sailak inolako zalantzarik gabe agindu behar du harrobia ixteko».
Zallobentako harrobiaren jarduna legez kanpokoa da
Epai bidez ilegaltzat jo du harrobia Auzitegi Gorenak, eta ahalik eta azkarren ixteko eskatu dute Mañariako auzoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu