Gaurko datuen arabera, hildakoen kopuruak bigarren egunez jarraian behera egin du, eta era esanguratsuan. 34 hildako zenbatu dituzte; duela bi egun, berriz, 63 zenbatu zituzten, eta atzo, 44. Azkeneko 23 egunetan, egunero 34 hildako baino gehiago izan dira. Guztira, gaur arte 1.376 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzaren ondorioz. Hilabete bat eta hiru egun iragan dira alarma egoera eta konfinamendua hasi zirenetik, eta positibo berriak atzematen jarraitzen dute. 412 gehiago, gaurko datuen arabera —aurreneko egunarekin alderatuta, % 2,5ko hazkundea—. Azken egunetan test gehiago egiten ari dira, eta, test guztietatik, emaitza positiboen portzentajea gutxitzen ari da (EAEn % 9 eta Nafarroan %32). Zein da positibo horien jatorria? Ze esparru hartzen ari dira testak? Erakundeek oraingoz ez dute eman argibide handirik. Soilik jakinarazi dute test gehiago egin behar dituztela osasun arloan. Osakidetzako langile guztiei egingo diete birusa detektatzeko testa. Ospitaleratuen kopuruak berriro egin du behera (1.417, 83 gutxiago), ZIUn ingresatuen kopuruak bezala (206, hamar gutxiago).
Munduan, Afrika da kezka iturri nagusietako bat. NBEko Afrikarako Ekonomia Batzordearen azken txostenaren arabera, 300.000 hildakotik gora eragin ditzake COVID-19ak. Txinan, berriz, hildakoen estatistikak eguneratu dituzte, eta onartu dute Wuhan hirian zenbatutakoak baino 1.290 hildako gehiago izan direla: guztira, 3.869.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Gertatu ahala kontatukoa
Agian honek ere merezi du
Bihar. Etorkizunera bidaiatuz, Jon Maia bertsolariak egoeraren kontakizun gordina egin du, ohartaraziz munduari zer gerta dakiokeen norabidea ez bada aldatzen.Bihar izenburuko poema errezitatua eskaini du Jon Maiak Berria Aretoan, Pello Ramirezen musikaz lagundurik.
Kopako finala. Gaur zen jokatzekoa Athleticen eta Realaren arteko Espainiako Errege Kopako finala. Zaleek gogoan izan dute sare sozialetan eta balkoietan. Bi futbol taldeek bideo bateratu bat zabaldu dute, "denon artean irabaziko dugu" mezuarekin.