Politika

Zapatero: "Ibarretxeren Planaren kontra ez nago hainbeste edukiengatik, aukeratu dituen prozedurengatik baizik"

Indar abertzaleekin elkarrizketa dinamika sortzeko gogoa duela adierazi du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiak ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan, baina Jaurlaritzaren Estatutu proposamenak —Ibarretxeren Planak— elkarrizketa horri mugak jartzen dizkiola azpimarratu du. Rodriguez Zapateroren iduriko muga horiek ez dira hainbeste edukien arlokoak, baizik eta Jaurlaritzak estatutuaren aldaketa aurrera eramateko aukeratu duen prozedura kritikatu du. Halaber, datorren martxoaren 14ko Espainiako hauteskundeak irabaziz gero, bere lehen konpromisoa ETArekin amaitzea izango dela esan du.

2004ko otsailaren 16a
16:34
Entzun
PSOEk indar politiko guztiekin elkarrizketatzeko gaitasuna duela adierazi du Zapaterok, eta behin baino gehiagotan erakutsi duela indar abertzaleekin elkar ulertzeko gai dela. Halaber, Espainiaren dibertsitatea, identitateak eta autogobernu borondateak "sakonetik" ulertzen dituztela agertu du.Dena den, elkarrizketa horrek muga batzuk dituela azpimarratu du. "Zein diren muga horiek? Muga joko arau demokratikoak errespetatzea da. Eta joko arau demokratikoak errespetatzen dira, batik bat, arauak aldatzeko bideak errespetatzen direnean, dela Estatutua, dela Konstituzioa erreformatzekoak. Ibarretxeren Planaren kontrako jarrera irmo eta goitik beherakoa daukat, baina ez hainbeste edukiengatik, baizik eta aukeratu dituen prozedurengatik. Izan ere, plan horrek nahi du Konstituzioaren zenbait atal aldatu, Estatutua deuseztatu, erreforma horiek egiteko prozedurak errespetatu gabe", kritikatu du PSOEko idazkari nagusiak. Ildo horretatik, prozedurak errespetatzen ez direnean, sistema politikoan krisi arriskuan jartzen dela erantsi du Zapaterok, eta nabarmendu du, urratzeko arriskuan dauden arauak "gizarteak bere buruari" emandakoak direla. Nolanahi ere, estatutuen aldaketak onartzeko prest dagoela esan du, baldin eta "Konstituzioaren markoan" egiten badira.

Horrez gain, Jaurlaritzaren Estatutu proposamena murritza dela salatu du PSOEko idazkari nagusiak; hain zuzen ere, EAE Euska Autonomi Erkidegoko herritarren erdiak nahi ez duen aldaketa bat dela azpimarratu du. "Ibarretxeren Planari buruz hitz egin daiteke, baina erreforma prozedurak errespetatzen ez badira, gu ez gara horren alde egongo. Batez ere, delako plan bat euskal gizartearen erdiarentzat egindakoa; badagoelako gizartearen zati bat —hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta ia beste erdia— proiektu horrekin bat ez datorrena". Estatutuaren erreformak elkarbizitza plan bat izan behar duela esan du Zapaterok, eta gizartearen integrazioa lehenetsi behar duela. "Ibarretxeren Planak ez du aintzat hartzen euskaldunen erdia ez dela nazionalista, eta, ondorioz, bilatu behar da oreka inteligente elkarbizitza ekarriko duena, eta autogobernuan aurrerakada ekarriko duena. Nik ez daukat muga intelektualik autogobernuan aurrera egiteko; Euskadik Europan ordezkaritza sendoagoa izan dezan, eskumenetan aurrera egin dezan, Estatuko lanetan-parte hartze handiagoa izan dezan. Edozein demokrata horretara irekita dago, baina joko arau demokratikoak urratu gabe".

Martxoaren 14an Espainiako gorteetarako hauteskundeak irabaziz gero, beren lehen konpromisoa ETArekin amaiatzea izango dela azpimarratu du PSOEko idazkari nagusiak, eta horretarako, egun PPk eta PSOEk egina duten Askatasunen Hitzarmena beste alderdietara zabalzen saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.