Ohikotan Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteak ematen ditu Ministro Kontseiluaren ondorengo azalpenak, baina gaur Zapatero presidenteak egin du agerraldia, batik bat, Euskal Herriko gatazkaren inguruan hitzegiteko.
Batetik, ETAko zenbait preso zigorra beteta espetxetik atera daitezkeela-eta PSOE eta PPren artean sortu den ika-mikaren inguruan mintzatu da, eta PPk egin dizkien akusazioak "gezurra" direla aldarrikatu du.Izan ere, Auzitegi Goreneko fiskalek hartutako erabakia medio, Zapateroren Gobernua ETAko presoak libre uzteko bidea errazten ari dela esan dute PPko buruzagiek azken egunotan. Hori akusazio "onartezina" dela esab du, eta ukatu egin du erakunde judizialek hartzen dituzten erabakiak bultzatzen dituztela edo bultzada politikoa dutela.
Bestetik, bake aukeren inguruan aritu da Zapatero: ETAren indarkeriak "epe mugatua" duela sendo sinesten duela agertu du, eta egungoa "indarkeriaren amaieraren hasiera" unea izan daitekeela. "Aspalditik indarkeriaren amaieraren hasiera ikusteko unerik onena da oraingoa", adierazi du zehazki.
Gainera, sinesmen hori ez dela uste edo susmo hutsetan oinarritzen erantsi du, baizik eta "gertakari objektiboetan". Datu horien artean, batetik, aipatu du bi urtetik gora direla ETAk ez duela inor hiltzen. Bestetik, "Gobernuak zenbait informazio" dituela agertu du, baina "zuhurtziagatik eta diskrezioagatik" azalera ez daitezkeenak.
Bakea lortzea lan "luze, zail eta gogorra" izango dela nabarmendu du Espainiako gobernuburuak, eta bake esperantza gorpuztuz gero zuhur jokatuko dutela, "Espainiako Kongresuak onartu zituen bideen barruan". Nolanahi ere, egoera zein den aintzat hartuta "arduraz" jokatzeko eskatu dio PPri.
Politika
Zapatero: "Indarkeriaren amaieraren hasieran egon gaitezke"
ETAren indarkeriak "epe mugatua" duela sendo sinesten duela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak; areago, egungoa "indarkeriaren amaieraren hasiera" unea izan daitekeela nabarmendu du. Gainera, hori esateko "gertakari objektiboetan" oinarritzen dela erantsi du: batetik, ETAk inor hil ez duela bi urtetik gora direla nabarmendu du, eta, bestetik, Gobernuak "zuhurtziaz eta diskrezioz kudeatu beharreko zenbait informazio" dituela. Egoeraren garrantzia aintzat hartuta, "arduraz" jokatzeko eskatu dio PPri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu