Zapatero: «Pauso adierazgarria da indarkeria amaitzeko»

Alfredo Perez Rubalcabak ziurtatu du euskal presoentzat ez dela egongo «irtenbide kolektiborik» eta amnistiarikIñigo Urkulluren ustez, euskal presoek ez dute parte hartu behar prozesu politikoan

Jon Agirre Agiriano preso ohia, EPPKren izenean Gernikako Akordioa izenpetzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal presoek Gernikako Akordioarekin bat egin izana begi onez hartu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. «Indarkeria amaitzeko pauso adierazgarria da», esan du Zapaterok, legealdia amaitutzat eman eta ofizialki Espainiako Gorteetako bozetara deitzeko egindako agerraldian. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren erabakiaren inguruan «zuhurtzia» izateko eskatu du, baina aitortu du «indarkeriaren bukaerara» hurbiltzen duela pauso horrek. Areago, Zapaterok uste osoa dauka ETAren amaiera iristen ari dela, eta hori «demokraten batasunari eta gobernuaren lanari esker» izan dela.

Hori horrela, orain «arduraz» jokatzea ezinbestekoa dela gaineratu du Espainiako gobernuburuak: «Duela hiru hamarkadatik terrorismoa izan da gizartearen kezka nagusia, sufrimendu handiena ekarri diguna, eta amaiera gertu dagoen uste osoa dagoenean, inoiz baino arduratsuago jokatu behar dugu».

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko Espainiako presidentegaiak ere azpimarratu du «zuhur» bada ere «poztu» egiten duela euskal presoen iragarpenak: «Ezker abertzaleak orain urtebete ETAri esan ziona esan diote orain presoek, indarkeria amaitzeko, eta, alde horretatik, inoiz ez bezalako egoeran gaude». Pauso bat gehiago dela aitortu du, baina ohartarazi du azken urratsaETAk armak uztea izango dela.

EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egin ondotik, akordio horren lehenengo urteurreneko ekitaldia egin zen igandean Gernikan (Bizkaia), Lizeo antzokian, eta bertanJon Agirre Agiriano eta Gloria Rekarte preso ohiekEPPKren itunarekiko atxikimendua irudikatu zuten euren sinadurarekin.

Ekitaldi horretan, besteak beste, prozesu politikoan parte hartze aktiboa izatea aldarrikatu ez ezik, amnistia eskatu zuten euskal presoek. Eskaera horiek hizpide hartuta, Rubalcabak esan du ezin dela euskal presoen kolektiboarentzat «irtenbide kolektiborik» egon, eta Zigor Kodean aurreikusten diren neurriak banaka, hau da, «presoz preso» ezarri beharrekoak direla. «Amnistia ez dago gure Konstituzioaren joko arauen artean», gaineratu du.

Candido Conde Pumpido Estatuko fiskalburuak, berriz, gogor kritikatu du presoen adierazpena. Haren esanetan, EPPKren agiria «onartezina eta lotsagarria» da, eta espero duen bakarrada ETA «baldintzarik gabe» desagertzea. Bitartean, talde armatuaren eta haren inguruan daudenen aurka «irmo» borrokatuko direla ohartarazi du Conde Pumpidok.

Mariano Raxoi PPko presidenteak bat egin du fiskalburuak esandakoarekin, eta gaineratu du ez duela «aldaketa garrantzitsurik» ikusten presoen erabakian. ETAren desagerpena litzateke albiste garrantzitsuena, ez besterik, Raxoiren esanetan: «Norbaitek askatasunak eta oinarrizko eskubideak murrizten dituenean, hori egiteari uzten diola eta desagertuko dela iragarri beharko luke».

Banakako neurriak

Iñigo Urkullu EAJko presidentearentzat «oso garrantzitsua» da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioaren aldeko atxikimendua agertu izana, baina ez dator batpresoek prozesu politikoan parte hartze aktiboa izatearekin. Urkulluren ustez, elkarrizketa politikoak alderdi politikoei dagokie. Presoek, dena den, «baketzean eta adiskidetzean paper aktiboa» joka dezaketela esan zuen Urkulluk. Amnistia eskaerarekin ez du bat egiten EAJko presidenteak, eta egokiago ikusten du presoei «banakako neurriak» ezartzen hastea. Halaber, euskal presoentzatespetxe politika «malguagoa» eskatu du Urkulluk.

Jone Goirizelaia ezker abertzaleko ordezkariak, ostera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren «inplikazioa» goretsi du, eta azpimarratu du estatuari dagokiola orain urratsak egitea. Areago, estatuari eta alderdi politikoei «pasibotasunetik irten eta lanean hasteko» eskatu die Goirizelaiak. Haren irudiko, euskal presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana garrantzitsua da, itunaren «bide orria indartzen» duelako. Besteak beste, gogoratu du itun horrekETAri eskatzen diola nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzeko.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko ia talde guztiek txalotu egin dute euskal presoen urratsa. UPNk eta PPk, berriz, ez dute aurrerapausorik ikusi erabakian. Ildo horretatik, Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak esan du ETA «hondoratzen» ari dela eta «etsi-etsian ihesean» dabiltzala etakideak eta «talde armatua babesten dutenak». «Historia ongi kontatu beharra dago: demokraziaren benetako heroiak terrorismoaren biktimak dira». UPNko eledun Carlos Garcia Adanerorentzat ere berritasunik ez dago: «ETAk burua lehenengo lepotik dauka».

Ostera, PSNko Juan Jose Lizarberentzat «itxaropentsua» da erabakia, eta espero du ETAk hartu beharreko erabakien «atarikoa» izatea. NaBaiko eledun Patxi Zabaletaren ustez, bake bidearen zutabeetako bat da presoen erabakia, etaatzeraezina egiten du abiatutako prozesua. Bilduko eledun Maiorga Ramirezek azpimarratu du abiatutako prozesua «historikoa» dela eta ezinbestekoa dela eragile denek horrekin engaiatzea. Ezkerrako Jose Miguel Nuinentzat, berriz,indarkeria uzteko «urratsa» egin dute presoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.