Naval ontziolaren etorkizuna

Zapaterok atzo agindu zuena "propaganda hutsean" ez geratzea espero du Zenarruzabeitiak

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolen etorkizuna bermatuko dutela agindu zuen atzo Bilbon egindako hitzaldian. Hain zuzen ere, ontziola horren bideragarritasuna sindikatuekin eta langileen ordezkariekin adostuko dutela esan zuen. Idoia Zenarruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordea zuhur agertu da iragarpen horren inguruan: batetik, Zapateroren hitzak "propaganda hutsean" ez geratzea espero duela adierazi du; bestetik, iragarpen hori Espainiako Gobernuak hartutako erabakiekin kontraesanean dagoela nabarmendu du. Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek Zenarruzabeitiak.

2004ko irailaren 13a
15:59
Entzun
"[Zapateroren iragarpena] ez dela beste propaganda ekintza bat izango eta egia bihurtu ahal izatea espero dut", esan du Radio Euskadiko elkarrizketan gai horri buruz galdetu diotenean.

Dena den, Espainiako Gobernuak orain arte hartutako erabakiek ez dutela Navalen etorkizuna bermatzen nabarmendu du; hots, kontraesanean daudela Zapateroren atzoko iragarpenarekin. "Aurreko erabakiekin kontraesanean dago, uztailaren 30ean, azpikeriaz opor bezperan, hartutakoarekin. Orduan, Gobernu Kontseiluak elkarte publiko berri bat, Izar berri bat, sortzea erabaki zuen, eraikuntza zibila eta militarra bereizteko. Eta hainbat enpresarentzako etorkizuneko bideragarritasun proiektua den elkarte publiko berri horretatik kanpo utzi dut Naval", azpimarratu du.

Zapatero Navaleko langile batzordearekin

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea Bilbon izan zen atzo, Euskalduna Jauregian, Patxi Lopez PSE-EEren Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagai aldarrikatzeko ekitaldian. Navaleko langileek elkarretaratzea egin zuten Euskaldunaren atarian beren egoeraren inguruan protestatzeko, eta Zapatero langile batzordeko ordezkariekin batzartu zen.

Madrilgo Gobernua ontziola guztien etorkizuna bermatzeko plan bat prestatzen ari dela agin du zien Zapaterok langileen ordezkariei, eta plan hori sindikatuekin hitzartuko dutela. Halaber, Patxi Lopez lehendakarigai izendatzeko ekitaldian ontziolak "salbatuko dituztela" aldarrikatu zuen Espainiako presidenteak; zehazki, berea "ontziolak salbatuko dituen Gobernua" izango dela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.