"Itun Antiterroristak eman duena ondo baloratzen dut –neuk sinatzea proposatu nuen-, baina terrorismoaren kontrako kontsentsua gehiago zabaldu behar da, bai arlo politikoan, bai gizartean”. Horixe esan du gaur arratsaldean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak abenduaren 30eko atentatuaren ondoren sortutako egoera eta ETAren kontrako estrategia azaltzeko Espainiako Kongresuan egindako agerraldian. “Kongresuko alderdi politiko denak bildu nahi ditut, demokrata denak”. Ondorioz, Zapaterok itun berrituan EAJ, EA eta Nafarroa Bai ere nahi ditu, besteak beste.
Gizarte mugimenduak eta etorkinak ere bildu nahi dituela esan du. Helburua: “Demokrata denen arteko batasuna ETAri aurre egiteko, eta denok bat eginda lortuko dugu indarkeriaren bukaera”. Horretarako, Itun Antiterroristaren bilera deituko du laster eta Kongresuko alderdi denekin bilerak egingo ditu.
Horrekin batera, segurtasun indarrek ETAren kontra segituko dutela adierazi du, nazioarteko lana handitu egingo dutela, biktimak babestuko dituela...
Zapaterok esan du ETAk "hautsi" duela su-eten iraunkorra, Barajasko atentatuarekin, eta "amaiera eman dio elkarrizketa prozesuari". Horren aurrean orain "demokrata" denen batasuna "beharrezkoa eta komenigarria" dela esan du behin baino gehiagotan.
Prozesua abiatzeko arrazoiak
Ondorioak eta erabakiak azaldu aurretik, Espainiako Gobernuak prozesua zergatik abiatu zuen azaldu du Zapaterok. "Indarkeria bukatzeko baldintzak zeuden eta saiatu beharra genuen", adierazi du. ETA "ahulduta eta isolatua" zegoela esan du, polizien lanagatik, arlo judizialagatik, gizartearen mobilizazioagatik... Hori ikusita, Kongresuan ebazpena onartu zutela gogoratu du, "ETA amaitzeko, prezio politikorik gabe", eta gero etorri zela ETAren su-eten iraunkorra. "Gainera, hiru urtean zegoen inor hil gabe, ordura arte denbora gehien". Erakunde armatuarekin hitz egiteko "babes handia" jaso duela esan du Zapaterok: Kongresuarena, gizartekoa, nazioartekoa, erakunde publikoena... "Beraz, egin beharrekoa egin nuen: saiatu".
Prozesuaren "oinarriak"
ETArekin hitz egingo zuela erabakita, Zapaterok prozesuan zer "oinarri" erabili dituen azaldu du: "Legaltasuna, segurtasun indarren jarduera terrorismoaren kontra, Justiziaren jarduera etengabea, kartzela politika ez aldatzea...". Horiek denak aldatzeko "datu nabarmenak" behar zituela esan du, baina ez direla egon eta ez dutela aldaketarik egin. ETAk atentatua egin izana omen da horren adierazgarri. Prozesuak iraun duen bitartean EAJk emandako "babesa" eskertu du Zapaterok.
ETAri eta ezker abertzaleari mezua
"Oinarriak" azaldu eta gero eman du ondorioen eta proposamenen berri Zapaterok, ETAri eta ezker abertzaleari mezua zabaltzearekin batera. "Indarkeria bateraezina da elkarrizketarekin, hori jakin behar dute ETAk eta ezker abertzaleak", esan du. "Indarkeria, honen abiapuntu baino ez da: jazarpenarena eta zigorrarena".
Gizarteari ere mezua. "Itxaropen mezua, azkenean hitza gailenduko zaielako armei".
Autokritika bat
ETAk atentatua egin baino egun bat lehenago, Zapaterok esan zuen urtebete barru "hobea" izango dela egoera. "Esan beharra dut hutsegite garbia egin nuela".
Zapaterok indarkeriaren kontrako kontsentsua zabaldu nahi du, abertzaleak ere bildu asmoz
"Itun Antiterroristak eman duena ondo baloratzen dut, baina kontsentsua gehiago zabaldu behar da, bai arlo politikoan, bai gizartean”, esan du Espainiako presidenteak. Itunaren bilera deituko du laster eta Kongresuko alderdi denekin bilerak egingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu