Zapateroren ostean, Aresek onartu du ezker abertzaleak urratsak egin dituela

Herrizaingo sailburuak berritasunak ikusten ditu ezker abertzalean; haren ustez, «lehen aldiz konfrontazioan baitago ETArekin»

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezker abertzaleak egindako urratsei buruz esandakoak ez du inor epel utzi. Ezker abertzalearen pausoak ez direla «alferrik» izango adierazi zuen herenegun Zapaterok, eta diskurtso horrekin bat egin du orain, hein batean, Eusko Jaurlaritzak ere. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak aitortu du ezker abertzalea «urratsak» egiten ari dela legezkoa izateko eta «politika egiteko», nahiz eta pauso horiek ez diren «nahikoak». «Antza denez, urratsak egiten ari dira politikaren aldeko apustu argia egiteko», esan du. Gainera, Aresek «berritasunak» antzeman ditu ezker abertzalearengan; haren iritziz, «lehen aldiz konfrontazioan baitago ETArekin». Eta bi mundu horien arteko liskar hori egon badagoela argi eta garbi onartu beharko lukete guztiek, Aresen ustez. «Errealitatea ezin da ezkutatu, eta gogoeta egin beharko da».

Eusko Legebiltzarreko korridoreetan esan ditu hitzok Herrizaingo sailburuak. Ezker abertzaleak politika egin nahi badu, ETAk indarkeria behin betiko uztea edo indarkeriatik argiki bereizi beharko duela uste du Aresek. Eta gaineratu du Patxi Lopezen jarrera ere Zapaterok egindako diskurtsoaren ildotik doala.

Zapateroren adierazpenen ostean PPk egindako kritikei erantzun die Eusko Jaurlaritzako eledunak. Izan ere, PPri ez zaizkio gustatu Espainiako gobernuburuak esandakoak, eta lehendakariari eskatu dio «tinko» jokatzeko.Lasaitasun mezua helarazi dio Jaurlaritzak PPri, esanez ezker abertzaleak urratsak egin arren Jaurlaritzak eutsi egingo diola «terrorismoaren aurka» daraman politikari. «PPk ez du zertan beldurrik izan», azpimarratu du Idoia Mendia eledunak. Bake aukera aztertzeko lehendakariak alderdiekin hasiko duen elkarrizketa erronda, beraz, ezda izango politika aldaketa baten seinale, haren arabera.

Ezker abertzalearengan «aldaketak» sumatzen ditu Jaurlaritzak, baina «hitzetatik ekintzetara» igaro behar du sinesgarri izateko, bozeramaileak dioenez. Pilota ezker abertzalearen teilatuan dagoela iritzi dio: «Ezker abertzaleak badaki Alderdien Legea bete behar duelademokrazian egoteko, gainerako alderdi demokratikoek egiten dugun bezala».

PPkoak, ostera, kezkatuta daude Zapaterok esandakoa entzun ostean. «Arinkeriaz» jokatzea etagizartean «nahasmena» sortzea leporatu diote Zapaterori. Horregatik, ezker abertzaleari «esperantzarik» ez emateko eskatu diote. Eta gauza bera egiteko galdegin diote Patxi Lopez lehendakariari ere. Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du ETA garaitu nahi bada orain arteko politikari eutsi egin behar zaiola, tartean PSEren eta PPren arteko akordioari. Gai horrekin «adi» egongo dira PPkoak, eta ez dute onartuko PSEkoak «bidetik ateratzea», Oiarzabalek ohartarazi duenez.

Txiki Benegas PSOEko diputatua, ostera, sinetsita dago Espainiako Gobernuan izandako aldaketak «oso onuragarriak» izango direla Euskal Herriarentzat. Hori bai, ohartarazi du bakea lortzea«gobernuaren eskuetan baino gehiago, ETAren eskuetan» dagoela.

Alderdien Legea

Oso bestelako iritzia azaldu dute EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak. EAren ustez, Espainiako gobernuburuak ezker abertzaleak urratsak egin dituela onartu izanak erakusten du Euskal Herrian «aro politiko berri bat» zabaldu dela. EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordioa eta Gernikako ituna dira garai politiko berri horren erakuslerik argiena, Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearen ustez. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak ekimena hartu eta ezker abertzalea legeztatu beharko lukeela esan du. Haren ustez, Zapateroren gobernuak alderdi politiko guztiei utzi behar lieke parte hartzen datozen udal eta foru hauteskundeetan, horrek «behin betirako» ekarriko lukeelako bakea Euskal Herrira.

Berdintsu hitz egin du Mikel Arana EBko parlamentariak ere. Adierazi duenez, Zapateroren hitzak benetakoak direla erakusteko, ezker abertzalea elkarrizketa errondan sartu beharko luke Lopez lehendakariak. Bakegintza «seriotasunez» landu beharra dagoela uste du Aranak, eta horregatik bere diskurtsoa argitzeko eskatu dio Zapaterori. Aranaren irudiko, ez baita «koherentea»egun batean PPren eskutik Alderdien Legea gogortzeko proposamen bat aurkeztea, eta biharamunean, esatea ezker abertzalearen urratsak ez direla alferrikakoak.

Aralarren ustez, berriz, Espainiako Gobernuak aldatu egin du ezker abertzaleaz duen «diskurtsoa eta pentsaera», baina Eusko Jaurlaritzak ez. Zapateroren hitzetan, «berritasunak» ikusten ditu Aintzane Ezenarrok, baina salatu duEusko Jaurlaritzaren diskurtsoa ez dela neurri berean aldatu. Ezker abertzalearen pausoak ez ezik, Gernikako Akordioak dioena ere arbuiatzen ari da Lopezen gobernua, Ezenarrok kritikatu duenez.

Bestalde, Zapaterok egindako gobernu aldaketari dagokionez, Ezenarrok uste du bere irudia «zuritu» aldera egindakoa izan dela, eta zalantzan jarri du bake prozesuari begira egindako mugimendua izan dela.



Baketzearen inguruan hitzik ez dute eginkargu-hartze ekitaldian

Espainiako Gobernuko ministro berriek euren karguaren zina egin zuten atzo Zarzuelako Jauregian, Espainiako erregearen aurrean. Hauek hartu zituzten karguak: Alfredo PerezRubalcabak, lehen presidenteordearena;Ramon Jauregik, Presidentzia ministroarena;Rosa Aguilarrek, Ingurumen ministroarena; Valeriano Gomezek, Lan ministroarena; Leire Pajinek, Osasunarena; eta Trinidad Jimenezek, Atzerri ministroarena. «Dena emango dugu, eta, beharrezkoa bada, heriotzara arte borrokatuko gara», esanzuen Jauregik, kargua hartzean. «Gobernuak egun asko ditu aurretik herritarren bizitza hobetzeko», Rubalcabak. Bakegintzaren inguruan hitzik ez zuten esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.