M-22: udal eta foru hauteskundeak. Bilduren zerrenden inpugnazioa

Zapaterori ematen dion babesa auzitan jarri du Urkulluk

Urkulluk «etorkizuneko ikuspuntuarekin» jokatzeko eskatu dio Zapaterori; bestela ondorioak aterako dituztela ohartarazi dioRubalcabak eta PPk baldintzatuta dagoelako, «irrigarritzat» jo du Patxi Lopezen jarrera

joxerra senar
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Euskadin, ez dago inolako arrazoirik parte hartze politikoa erabatekoa izan ez dadin». Atzo Madrilen emaniko hitzaldian, Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Espainiako Gobernuari eskatu zion garai berrien arabera jokatzeko eta «etorkizuneko ikuspuntua» izateko. Urkulluk «ezinbestekotzat» jo du hauteskundeetan aukera guztiak presente egotea, eta gaineratu du azkenean Bilduren zerrendak inpugnatzen badira EAJk «gogoan» izango duela: «Gertaeren bilakaera aztertuko dugu, eta horren arabera jokatu dugu gure irizpideekin bat ez datozenekin».

Urkulluren arabera, Espainiako Gobernuarekin legealdi honetan lortu dituzten akordio politikoetan, aurrekontuetako gaiez gain, presente egon da normalizazio politikoan urratsak egiteko beharra ere. Alabaina, Urkulluk argi utzi du lehenik Sorturen aurka eta ondoren Bilduren aurka hartutako erabakiak ez datozela bat jeltzaleei azaldutako borondatearekin. Hala, Bildu hauteskundeetatik at egotearen alde egiteak «zalantzan jartzen du» gobernuaren asmoa. «Eta guretzat gai hori oso garrantzitsua da», ohartarazi du.

Buruzagi jeltzaleak ez du itxaropena galtzen, eta azken orduan aukera ideologiko oro hauteskundeetan egotearen aldeko erabaki judiziala etorriko dela iritzi dio. Dena den, Espainiako Gobernuaren jarrerari dagokionez, epe laburreko irizpideekin jokatzen ari dela deritzo.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, kasu, ausardia falta leporatu dio: «Non dago 2005ean garai berri bat irekiko zela zioen gizon hura?». Urkulluk iradoki du elkarrizketa pribatuetan Zapaterok onartu egiten duela garai berriak datozela baina gero jendaurrean ez duela ezer esaten. «Ez dakit gai honetan zeresanik bat ote duen Zapaterok».

Argi du erabakiok Alfredo Perez Rubalcabak hartzen dituela. Urkulluren ustez, gainera, Zapateroren lekukoa hartzeko «ustezko hautagai» izateak pisu handia du haren erabakietan. Azken finean, Urkulluk ondorioztatzen du PPk zein PSOEk hauteskunde interesak lehenesten dituztela beste ezeren aurretik.

Patxi Lopez EAEko lehendakaria ere kritikatu du. Herenegun Lopezek adierazi zuen epaileek oso erabaki zaila dutela aurrean. Horren inguruan, Urkulluk uste du «irrigarri» geratzen dena Lopez dela, adierazpen hori esanagatik, «PSOEren eta PPren erdian dagoelako», edo bere kargua «PPren botoei esker duelako». Gainera, Urkulluk azpimarratu du Rubalcabak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak «harreman estua» dutela, eta horren erakusle, gogoan hartu du Bilduren aurka txostenak aurkezten lehena Ertzaintza izan dela.

Elena Valenciano PSOEko hauteskunde batzordeko eledunak erantzun du Bilduren aurkako inpugnazio eskaeren atzean ez dagoela inongo joko politikorik, «Zuzenbide estatuaren eta legearen ezarpen zorrotza baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.