Politika

Zapaterori errespetua izateko eskatu dio Chavezek

Espainiako Auzitegi Nazionalak Venezuelako Gobernuaren eta ETAren arteko ustezko harremanez auzibidea zabaldu du.

2010eko martxoaren 4a
19:11
Entzun
Venezuelako Gobernuaren eta ETAren arteko ustezko harremanez Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak auzibidea irekitzeko hartutako erabakiarekin ez dago gustura Hugo Chavez Venezuelako presidentea, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eskatu dio Vezuelako "herri eta gobernu subiranoekiko errespetua" izateko.

"Nik ez diot Zapaterori ezer zertan azaldu", adierazi du Chavezek, halaber, eta haren jokabidea "arinkeria" dela salatu du, "hedabideen bidez ari direlako gauzak esaten. Bidal dezala gutun ofiziala".

Ustezko harremana ikertzearen alde agertu da gaur Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroa. "Prozesu hau ikertu egin behar da. Egiak gailendu behar du. Hori da Espainiako Gobernuaren helburua", esan du Espainiako telebista batean egin dioten elkarrizketan.

Velascok zortzi zazpi euskal herritar -ETArekin lotu ditu- eta FARCeko ustezko hamabi gerrillari auzipetu ditu elkarrekin atentatuak prestatzea egotzita, besteak beste, Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen kontrako erasoa. Halaber, Venezuelako Gobernuari egotzi dio bi talde armatuei eta haien arteko elkarlanari laguntza ematea.

Venezuelako Legebiltzarrak gaia aztertu eta ohar bat argitaratuko du, epailearen jokaera arbuiatzeko. Hala iragarri du Roy Daza Venezuelako Legebiltzarreko Kanpo Arazoetarako Batzordeko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.