ZEZENKETAK

Zapi beltzak zezenketei ezetz esateko

Alderdi Animalistak zezenketen amaiera eskatuko du Bilboko Aste Nagusian. Zapi urdin tradizionala kolore beltzarekin ordezkatuko dute, "odolik eta animalien tratu txarrik gabeko" festen alde.

Alderdi Animalistako kideak gaur goizeko agerraldian. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 17a
14:00
Entzun

PACMA Alderdi Animalistak kanpaina bat jarri du abian Bilboko Aste Nagusian zezenketak eta "oro har, animalien espektakulua" salatzeko; urteroko zapi urdinaren ordez, kolore beltzekoa jantziko dute. "Zezenketen kopurua jaisten ari da urtetik urtera, gizartearen interes faltaren ondorioz, eta eutsi ezin zaion negozioa diru publikoz laguntzen jarraitzea ez delako jasangarria, inola ere".

"Animaliekiko tratu txar instituzionalizatuekin amaitzea" eskatu du erakundeak, Udalen, Diputazioen, Autonomia Erkidegoen, Estatu Espainiarraren eta Europar Batasunaren diru laguntzak gaitzetsiz. "Odolik gabeko festen aldeko apustua egiten dugu, eta animalien erabilera eta heriotza errespetuzko entretenimendu etiko batez ordezkatzearen alde gaude". Ardurak eta neurriak eskatu dizkiete agintariei bilbotarren festa handia "odolez eta sufrimenduz zikindu ez dadin".

Abuztuaren 23ko hitzordua 11:30etan izango da, Bilboko Udalaren atarian, zezenketen amaiera aldarrikatzeko. Hainbat konpartsa, erakunde eta kolektibok bat egin dute komunikatuarekin, baita alderdi eta talde politiko ugarik ere; EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezker Anitzak, besteak beste.

Gizarte modernoan kabidarik ez

Ez zirkoak, ez eta zezenketek ere, egungo gizartean ez dutela lekurik adierazi dute komunikatuan: "Animaliak esklabo bihurtu eta hil gabe jendea entretenitzeko gaitasuna duten benetako profesional ugari daude".

"Errespetuari, berdintasunari eta integrazioari dagokionean, urrats erraldoiak emateko eta aurrera egiteko gaitasuna du Bilboko gizarteak, eta bada garaia hori galarazten diguten jarduerei amaiera emateko", aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.